Eskuartean

Nagore Legarreta Alcelay (Teila Fabrika): “Egia auzo bizia da eta gu ere ekosistema horretan bizi gara”

Ekainean bost urte beteko ditu Teila Fabrikak, ekonomia sozialaren eta komunitategintzaren alde lanean. Egun, Donostiako Egia auzoko eragileen ekosistemaren parte bilakatzeko erronkan murgilduta dago, Farapiren bidelaguntzarekin.

 

Duela bost urte sortu zen Teila Fabrika, Olatu Horma enpresaren eskutik. Donostiako Egia auzoan enpresako langile asko bizi ziren, eta bertan lantoki bat sortzeko ideiatik abiatu zen proiektua. Alabaina, helburua ez zen izan soilik bulegoak egitea. Izan ere, langileak herri mugimenduetan murgilduta zeuden, eta horregatik auzoko eragile eta topaleku bilakatzeko bokazioa izan du Teila Fabrikak hasieratik.

Teila Fabrikan dauden proiektu eta enpresentzako ‘coworking’ espazio bat baino gehiago da: formakuntzak jasotzeko aukera dute eta elkarlanerako espazioak dituzte. Gainera, barne-mailan komunitatea sortzeaz gain, auzoan dauden interes eta erronketara ere atxikitzen da Teila Fabrika. Nagore, ‘Txino’ eta Olaia ari dira hori guztia dinamizatzen eta bultzatzen.

Gaur egun, Egia auzoarekin duen atxikimendua areagotzeko prozesuan murgilduta daude, Farapirekin elkarlanean, eta horren inguruan hitz egin dugu Nagore Legarreta Alcelayrekin, Teila Fabrikako dinamizatzailea.

Zergatik erabaki zenuten Egia auzoarekin konektatzeko prozesu hau abiatzea?

Gure lan-lerroetako bati “ekosistema” deitzen diogu, eta helburua da auzoarekin lotura sortzea. Egia auzo bizia da eta gu ere ekosistema horretan bizi gara. Ildo horretatik abiatu zen Egia auzoko eragileekin eta bizilagunekin dugun harremana estutzeko prozesua.

Izan ere, asmoak aurrera atera daitezen, egitura ema behar zaie, baliabideak bilatu behar dira… 2022. urtean asmo horiek egituratzeko prozesua abiatu genuen Farapirekin elkarlanean, gure misioa finkatzeko eta lurreratzeko.

Guzti horri estruktura emateko beharra genuen, eta bagenekien Farapik esperientzia handia duela halako prozesuak bideratzen, horregatik jarri ginen harremanetan zuekin. Gauzak lurreratzen eta gauzei izena jartzeko gaitasun handia duzue.

Olaiak, ‘Txinok’ eta Nagorek dinamizatzen dute Teila Fabrika.

 Nola lantzen ari zarete auzoarekiko konexio hori?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren sustapen eta finantzaketari esker garatzen ari gara proiektua. Auzoarekiko konexioa lantzeko, Farapirekin bilerak egiten ditugu  eta gure asmoei forma ematen diogu elkarrekin.

Gaur egun, auzoarekin egiten ari garen prozesu honek forma dauka, baina hasieran lan handia egin behar izan genuen gauzei izenak jartzeko: lan-arloak identifikatu, lanketak pentsatu, norekin egin horiek, nola… Farapik erabiltzen dituen metodologiak eta dinamikak oso erakargarriak dira informazioa lantzeko eta elkarrizketa sortzeko.

Zer nolako jarduerak eta gaiak lantzen ari zarete auzoan? Nola egin zen identifikazioa?

2022ko otsailaren 20an, Farapiren laguntzarekin, bilera bat egin genuen Egiako eragileekin eta auzoko erronkak eta kezkak identifikatu genituen elkarrekin. Bertan gai nagusi batzuk atera ziren: osasun publikoa, etxebizitza, segurtasuna…

Bilera horretan atera zena erreferentzia gisa erabiltzen ari gara Teila Fabrikan ekintzak antolatzeko. Guk bakarrik gauzak antolatzea ez du zentzurik eta, horregatik, beti eragileekin batera antolatzen ditugu jarduerak. Auzoan gai bat lantzeko mugimendua dagoela ikusten dugunean, gu ere animatzen gara, denok norabide berean lan egiteko. Farapik lagundu digu auzoarekin konexio horiek guztiak egiten eta dena egituratzen. Auzoko ekosistema adar askoko basoa da eta bidea ordenatzen joateko beharrezkoa zen elkarlan hori.

Egin dugun azken jarduera Elikadura Burujabetzaren Hilabetea izan da, maiatzean zehar. Kasu honetan, elikadura burujabetzaren trena martxan zegoen auzoan eta gu bertan igo gara. Auzoan bazegoen gaiari heltzeko gogoa, Euskal herrian dagoen bezala. Bilera batzuk egin zituzten auzotarrek Teila Fabrikan, eta gu ere bertan izan ginen. Horrela atera zen hilabete hori antolatzearen ideia. Helburua izan da auzotik sortu den prozesu horri bultzadatxo bat ematea, proiektuak martxan jartzeko erreferentziak eta topaguneak behar direlako. Azoka txiki berezi bat egin dugu, eta eragileekin solasaldiak antolatu ditugu: Amillubi, Labore Txingudi eta Basajaunekin.

 

Egiako eragileekin elkartu ginen eta elkarrekin auzoko erronkak eta kezkak identifikatu genituen.

 

Etxebizitzaren auzia borborrean dago Egia auzoan, eta horri ere heldu diozue.

Bai, hala da. Jarduera batzuk antolatu genituen etxebizitzaren gaiaren inguruan eta, bide batez, diagnostiko txiki bat egin nahi izan genuen. Galdetegi bat sortu genuen, bizilagunen kezkak jasotzeko eta erantzun asko jaso genituen egun gutxitan, denok arrakalatzen gaituen gai bat delako.

Bertatik ateratako informazioarekin bi eguneko jardunaldi batzuk antolatu genituen aurreko urteko abenduan. Bertan, etxebizitza eskuratzeko zailtasunaz, eta turistifikazioaren eta gentrifikazioaren ondorioez solastu ginen Donostiako hainbat eragile eta aditurekin.

Aurreko urtean, auzoko erronka sozialei erantzuteko asmoz, etxebizitzaren auziaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen Teila Fabrikak.

Prozesu honetan zehar, zertan izan da lagungarri Farapiren bidelaguntza?

Oxigeno bonbona bat izan zarete. Ni duela urtebete hasi nintzen lanean Teila Fabrikan, eta zuen bidelaguntza oinarrizkoa iruditu zait. Gauzak egiteko modu asko egon daitezke, eta parte-hartze prozesuetan aditua den jendearekin egoteak asko laguntzen dizu egin nahi duzuna enfokatzen.

Informazioa ordenatzeko gaitasun izugarria duzuela ere uste dut. Tontakeria bat dirudi, baina ni konfiantza askorekin joaten naiz antolatzen ditugun ekintza eta saioetara, badakidalako ondo antolatuta eta egituratuta egongo direla. Auzoarekin konexioa handitzeko prozesu hau sendoagoa da Farapirekin elkarlanean ari garelako, eta ematen ditugun urratsak irmoagoak dira.

Zein beste erronkari heldu nahi diozue etorkizunean? Ba al duzue egin nahi duzuen beste lanketa edo prozesurik?

Kulturartekotasuna da hurrengo urteotako erronka gizartean, eta Egia auzoan ere hala gertatzen da eta Teila Fabrikatik ere heldu beharko diogu gaiari. Eta praktika kulturalak eta artistikoak gizarte prozesu eraldatzaileen bitartekaritza tresna bezala erabili eta testeatu.

 


TEILA FABRIKAKO KIDE IZAN NAHI DUZU?

Lan egiteko espazio baten bila bazabiltza, eta saretzeari eta komunitategintzari garrantzia ematen badiozu, Teila Fabrika da zure tokia. Lan giro atsegina, formakuntzak, elkarlana… Zeren zain zaude?

Sar zaitez haien webgunean espazioa ezagutzeko: https://teilafabrika.eus