Eskuartean

Maider Eguzkitza Arteaga (Farapi): “’Ezkutukoaren ezkutukoa’ aldarrikatzeko eguna da Landa Eremuko Emakumeen Eguna”

Duela hiru urte, 25 urterekin, Maider baserritik atera zen Hendaian bizitzeko eta orain Irunen bizi da. “Esan liteke kasualitatez bukatu dudala bertan, faktore ezberdinen gurutzaketagatik… Ez da kontzienteki kokaleku hori erabaki dudala izan”, hausnartzen du. Gaur egun, Farapi Kooperatibako kide da eta partaidetza lan-lerroan egiten du lan.

Hirigunean nerabe zenean faltan botatzen zituen gauza ugari topatu dituela dio, besteak beste: autonomia, kotxearekiko dependentzia ez izatea, gauzak eskura izatea, mugimendua, jende ezberdina, kultura ezberdinak, aniztasuna… Hala ere, badira baserriko bizitzatik faltan botatzen dituen beste gauza batzuk, hiri edota herri handietan lortu ezin direnak. Horregatik, “etorkizunean berriz landarako bidea hartzea” posible dela uste du Maiderrek.

Gaur, urriak 15, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. 2007an izendatu zuen eguna Nazio Batuen Erakundeen Batzorde Orokorrak, landa eremuko emakumeak ikusarazteko, eta nekazaritzan, elikadura segurtasunean eta pobreziaren aurkako borrokan duten papera goraipatzeko. Farapitik, eguna aldarrikatzeko asmoz, gure lankide den Maiderrekin hitz egin dugu landa eremuko emakume gisa izatearen inguruan.

 

***

FARAPI: Zenbat urte daramatzazu lanean Farapin? Nola iritsi zinen hona?

MAIDER: 2015ean iritsi nintzen lehenengoz Farapira, Gizarte Antropologiako praktikak egitera, eta orduztik Farapitik gertu ibili naiz. Antropologiari esker baserriko kulturaren baitako gauza asko ulertu ahal izan nituen: enbor familia eredua, sistema ekonomiko propioa, etxearen garrantzia sinbolikoa eta indarra… Farapira iritsi nintzen ikasitakoak praktikan jarri eta jendearekin "terrenoan" lan egin ahal izateko. Zorionez, landako herrietan eta bertako emakumeekin lan egiteko aukera ezberdinak izan ditut, Gipuzkoako herri ezberdinetan. Duela gutxi, esaterako, Landaolarekin egin genuen ekimen bat.

2015 urtean sartu zen Maider Farapin, unibertsitateko praktikak egiteko.

F.: Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Lehen Emakume Baserritarren Nazioarteko Eguna zuen izena. Zergatik uste duzu egin dutela aldaketa hori?

M.: Landa eremua eta landa emakumearen irudia asko aldatu dira. Egun zaila da esatea nor den landakoa edo baserrikoa. Ni baserrian jaio nintzen, baina orain hiritik landara bizitzera joan den eta ia egunero baratzan aritzen den nire lankidea ni baino “landakoagoa” dela esango nuke. Uste dut kontzeptua zabaltzea eta irekitasuna ematea positiboa dela, landako egungo errealitateari ere hobeto egokitzeko.  

F.: Zergatik da garrantzitsua egun hau aldarrikatzea?

M.: Aldarrikapen hori funtsezkoa da, "ezkutukoaren ezkutukoa" delako landa eremuko emakumea. Intersekzionalitatearen ikuspegitik, bazterkeria bikoitza jasaten du: batetik, landakoa izateagatik; eta, bestetik, emakumea izateagatik. Bizi duen errealitate propioa eta beren beharrak aldarrikatzeko egun eta espazio propioak behar ditu, baita elkar ezagutza eta elkar trukerako espazioak ere. Era berean, gaur egun ezinbestekoa dugu honen atzean aurkitzen diren hainbat gai aldarrikatzea: natura, lurra, bizitza, elikadura, zaintza, burujabetasuna, osasuna, tokikotasuna…

F.: Hirigunetik erromantizismo handiz begiratzen zaio landa eremuko bizitzari. Horren gozoa ote da bertako bizitza?

M.: Bai eta ez… Bere alde onak eta bere alde txarrak ditu, gauza guztiek bezala, eta hargatik idealizazio horiekin haustea ona dela uste dut. Bizitza gogorra da, sakrifizio asko eskatzen duena: denbora, lana, inplikazioa edo hor egon beharra, konpromisoa, jarraikortasuna eta konstantzia… Aldi berean, baditu gauza onak ere: naturarekiko gertutasuna eta naturaren denborekin ibiltzea, eskuekin eta gorputzarekin aritzea, elkarlanerako momentuak eta auzolana, animalia eta landareekiko harremanak, bizitza zikloak gertutik bizi eta lantzea…

F.: Baserrian jaio eta hezi zinen, orain “kalekume” bilakatu zara… Nola bizi duzu hori?

M.: Bada, ondo bizi dudala esango nuke! Lehen egiten ez nituen beste gauza batzuk egiten ditut orain eta gozatzen ditut: astean zehar aisialdirako denbora izatea eta paseo bat ematea edo korrika egitera ateratzea, etxe azpiko dendan erostea, kotxea egunero hartu beharrik ez izatea… Gauza txikiak dira baina niretzat zeresan handia dute. Batez ere nerabea nintzen garaiekin oroitzen naiz, nire lagunak igerilekuan edo hondartzan egoten ziren eta ni belarretan, edo egurretan… Astean zehar ere eskolatik irten eta "eskolaz kanpoko ekintzak" izaten genituen, baina bestelakoak ziren oso! Hala ere gauza asko eman dizkit eta egungo haur eta nerabeen agenda estuek ere ikara ematen didate! Lan asko egiten genuen, baina mendian, familian edo bizilagunekin txiste eta jolas artean. Traktorea gidatzen utziz gero, nahikoa: hura izaten zen saria!

Orain hirigunean bizi bada ere, Maiderrek landa aldera itzultzeko aukera zabalik uzten du.

F.: Nola bizi duzu Farapin lan egitea landa eremukoa izanik? Landan lan egitearen aukera inoiz planteatu al duzu?

M.: Farapin lan egiteak herri txiki, landako eremu eta bertako sujetu ezberdinekin lan egiteko aukera eman dit, beste posizio edo ikuspegi batetik. Egia esan, txikitan baratzatik lan egitea gustatuko litzaidakela esan ohi nuen, baina nahiko azkar pasatu nintzen beste gauza edo beste mundu batzuk esploratu nahi nituela argi izatera. Baditut oraindik ere baserritik bizi diren senideak, auzokoak… Eta baserriko lanaren barruan izugarrizko aldaketak egin dituzte egungo egoerara egokitu eta baserritik “bizi ahal izateko”. Hor emakumeek paper garrantzitsua jokatu dute, ezagutzen ditudan kasu askotan emakumeak izan dira baserriarekin jarraitzeko eta baserriari eusteko adorea atera dutenak. Hargatik uste dut gaurkoa bezalako egunak beharrezkoak direla normalean prentsako lehen orrian agertzen ez diren emakume hauek agertu eta “hor daudela/gaudela” aldarri egiteko.