Eskuartean

Irungo haur eta nerabeen partaidetza sustatzen jarraitzen du IRUNBIXI Foroak

2023-2024 ikasturtean 300 haur eta nerabe inguruk parte hartu dute IRUNBIXI Irungo Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroan. Haur eta Nerabeen Planetik abiatuta, hirian haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko sortu zen IRUNBIXI. Proiektuaren diseinutik ari gara Farapi kooperatiban prozesua bidelaguntzen eta Foroa dinamizatzen. Hirugarren edizioa honetan Eguzkitza, El Pilar, Lekaenea, Toki Alai eta Txingudi ikastetxeek parte hartu dute.

Irungo haur eta nerabeek haien hirian parte hartzeko eta eragiteko duten ahalmena bultzatzea da Foroaren helburua. Horretarako, gaikako lanketak egin dituzte aurten adin txikikoek, eta gaien aukeraketa haiek egin dute, partaidetza metodologien bitartez. Xedea haien interesa piztea izan da, gustuko dituzten gaiak baliatuta. Besteak beste, honako gaiak aukeratu dituzte: elkarbizitza, arrazakeria, berdintasuna, bakegintza, ingurumena, elikadura, merkataritza, jaiak edota animalien eskubideak eta ongizatea.

Hiriarekin elkarrizketan

Herrigintzak duen indarra ezagutzeko, gai bakoitzean diharduten eragileen bisitak izan dituzte haur eta nerabeek. Arrazakeriaren aurka lan egiten duten elkarteak, animalien aterpetxea, elkarte feministak, merkatariak eta beste hainbat eragile ikastetxeetara bertaratu dira haien lanaren berri emateko eta gaztetxoekin elkarrizketan aritzeko. Eragileez gain, Irungo Udaleko hainbat sailek ere parte hartu dute saioetan, hala nola, Berdintasun arloa, Kirolekoa, Kulturakoa, Gazteriakoa, Hiri Sustapenekoa, Gizarte Ongizatekoa, Udaltzaingokoa, Mugikortasunekoa, Bide Publikoetakoa eta Lorategietakoa.

Ekiteko inspirazio iturri handia izan da eragileen eta Udalaren lana ezagutzea, eta hortik abiatuta haur eta nerabeek ere haien ekarpena egin dute Irunen. Hona hemen ikasturtean zehar egin dituzten lanketen emaitzak:

  • Animalien zaintza eta ongizatea sustatzeko komunikazio materialak eta hedabideetan agerraldiak.
  • Elkarbizitzaren inguruko fanzineak.
  • Bakearen aldeko murala.
  • Elkar ezagutzeko jolasen ekitaldia.
  • Mundialito antirrazista.
  • Jaietarako ekintzak: Scape room, Kirol zirkuitoa eta IrunTxef.
  • Nesken segurtasunaren inguruko kanpaina.

Euskarri guzti horiek Irungo Udalaren webgunean ikus daitezke.


Foroaren egitura

IRUNBIXI Foroak parte hartzeko hainbat espazio eta momentu izan ditu ikasturtean zehar. Urritik ekainera bitartean, hilean behin, partaidetza lantzeko saioak egin dituzte ikasleek, eta, beren interesetatik abiatuta, Irunekin lotutako gaiak eta kezkak jorratu dituzte.

Halaber, otsailean eta apirilean, Topalekuak antolatu dira Palmera Monteron. Ikastetxeetako ordezkariak batu dira bertan egiten ari diren lanketa partekatzeko. Topaleku horietan ere maiatzaren amaieran egindako ekitaldia prestatu dute. Saio bateratu hori Amaia Antzokian egin dute eta ikasle guztiek parte hartu dute bertan. Ikasturtean zehar egin dutena partekatzeaz gain, Irungo alkate eta Udal ordezkariei haien proposamen eta kezkak helarazi dizkiete.

Haurren partaidetzaren garrantzia

Haurren ahotsak ezinbestekoak dira gizartea eraldatzeko. Horregatik, garrantzitsua da haien partaidetza sustatzea eta inguruan eragiteko duten gaitasuna garatzea.

Farapin bidelaguntzen ditugun haur eta nerabeen ekimen partehartzaileetan, emaitzaz harago, prozesua bera ahalduntzailea izatea nahi dugu; elkarren artean ezagutzeko eta ikasteko espazioa izan dadila nahi dugu, alegia. Halaber, helduekin eta haien auzo eta herrietako eragile eta erakundeekin duten harremana estutzea nahi dugu.

Haur eta nerabeak subjektu politiko gisa aitortu behar ditugu gizartea eraldatu nahi badugu. Udalerriak guztiontzako egokiak diren tokiak izan behar dira, eta, nork jakingo du hobeto zer behar duten haur eta nerabeek haiek baino? Adin txikikoentzako espazioak sortzea, haien kezkak entzutea eta egiten dituzten proposamenei erantzutea ezinbestekoa da haien ongizatea eta eskubideak bermatzeko.

Haurrekin lan egiten dugun bakoitzean, hamaika irakaspen ekartzen ditugu lantaldera. Lanketa guzti horren ondoren, espero dugu IRUNBIXIn parte hartu duten haur eta nerabeak jabetu direla hirian eragiteko duten ahalmenaz. Gure aldetik, pozik eta harro gaude egin duten lanaz!