Eskuartean

‘Hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidea 6-12 urteko haurrentzako egokitu dute Seguran

 

2018an diseinatu genuen ‘Hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidea, herriko emakumeekin. Helburua haien istorioak biltzea eta ezagutzera ematea izan zen, memoria feminista aldarrikatzeko asmoz.

Ibilbideak bederatzi puntu eta geldiune ditu: Kontxixi, Katalina, Emaginak, Lixibalekue, Ostatue, Baserri mundue, Xexteri, Txanbolinpe eta Anita. Toki bakoitzean herriko emakume edo emakume kolektibo baten istorioa kontatzen da, eta orain 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek gozatu ahal izango dute ere.

Unitate didaktiko berri horren protagonista Marigorri da, Segurako 12 urteko ume bat. Turismo bulegoak beste hainbat argitalpen eta ekimenetan erabilitako pertsonaia da hori. Unitate didaktikoaz gain, pasaporte baten antza duen ariketa-liburuxka bat ere sortu da. Pasaporteak gogoeta-ariketa bat proposatzen du ibilbideko geldiune bakoitzeko. Atal bakoitza betetzean, zigilu bat jasoko dute.

Haurreko honako gaiak landuko dituzte ‘Marigorri hariz-hari sorgindu hadi!’ ekimenari esker: genero rolak, bizitzari eusteko lanak eta lan produktiboak, espazio pribatua eta espazio publikoa, amatasuna, jakintza aitortuak eta ez-aitortuak, eremu maskulinizatuak eta feminizatuak, aisialdiaren erabilera ezberdina, ikuspegi feminista, memoria historiko feminista eta ahizpatasuna.

Farapitik harro gaude 2018an hasitako eraikuntza kolektiboko prozesu honek herrian izan duen eraginaz, eta irrikatan gaude haurren erreakzioa ikusteko. Ederra da duela bost urte emakume talde batetik abiatutako lana herriko umeengana iritsi dela ikustea. Belaunaldien artean loturak sortuko dituzten prozesuak garatzea posible dela erakutsi digute Segurako herritarrek.

Materialak Segurako Udalaren webgunean eskuratu ahal izango dira, eta geure webgunean ere argitaratuko ditugu, “Argitalpenak” atalean.

 

Azaleko argazkiaren egiletza: Laia Goiburu / Goierriko Hitza


GEHIAGO JAKITEKO:

'Hariz-hari, sorgindu hadi!' ibilbidearen unitate didaktikoa aurkeztu dute [Goierriko Hitza]

Emakumeen memoriaren ibilbidea haurrentzat egokitu da [Diario Vasco]

Seguran eginiko "Marigorri hariz hari, sorgindu hadi!" unitate didaktikoa aurkeztu dute [Goierri Telebista]