Eskuartean

Emakumeek kooperatibei eta kooperatibek emakumeei

Udako Euskal Unibertsitateak 51. edizioa ospatu du aurten eta bestelako ikasketa-ereduen aldeko apustua egiten jarraitu du beste urte batez. Aitor Bengoetxea zuzendariaren esanetan, “ikastaro hauetan pasibotasuna gainditzen saiatzen gara; gogoetarako guneak dira”. Horixe esan genien haien esperientziaz hitz egitera bertaratu ziren emakumeei. Jardunaldiaren helburua ez zen kooperatibismoaren historiari buruzko katedra bat ematea, haien bizipenak entzutea eta kooperatibismoari egin dioten ekarpena aitortzea baizik. “Zuen lanari esker gara gaur egungo emakume kooperatibistak”, esan zuen Mondragon Unibertsitateko Eunate Eliok.

“Feminismoa eta kooperatibismoa gizartea eraldatzeko tresna indartsuak dira, baina ez dira asko elkarrizketan jarri”, gehitu zuen Eliok. “Biek bultzatu nahi dute berdintasuna, justizia soziala eta elkarlana, horregatik da garrantzitsua elkarren artean zubiak eraikitzea; bakoitza bere esparrutik, baina elkarrekin”.

Hamarkadaz hamarkada antolatu genuen eguna. Aitzindarien arteko solasaldiarekin hasi ginen, 60 eta 80 hamarkaden artean kooperatibista izan ziren emakumeekin. Jarraian, 1990 eta 2000 urteen artean kooperatibetan lan egin zuten emakumeek haien esperientzia aurkeztu zuten. Amaitzeko, azken urteotan kooperatibismoan murgildu diren emakumeak izan genituen elkarrekin hizketan.

60-80 hamarkadak: “Besteak” ziren emakumeak

Euskal Herriko kooperatibismoaren hastapenetan egon ziren lau emakume ausart entzun genituen lehenbizi: Maria Rosario Urdangarin (Orkli, segurtasun termoelektrikoko osagaiak egiten dituen kooperatiba), Itziar Usabiaga (Auzolagun, jatetxe- eta garbiketa-zerbitzuetako kooperatiba) eta Asun Arrieta eta Amaia Ibarluzea (Eika, sukaldeetarako osagai elektrikoen kooperatiba).

Orkli kooperatiba 1974 urtean sortu zen Goierrin, emakumeentzako lanpostuak sustatzeko helburuarekin. Horietako bat Maria Rosario izan zen. “120 lankidetik 70 inguru emakumeak ginen. Orkliren sorrera lan munduan sartzeko aukera izan zen eskualdeko emakume askorentzat”, dio berak.

Auzolagun kooperatibismoaren historia bizia da eta, beraz, historia bizia da ere Itziar Usabiaga, Auzolaguneko lehenengo gerentea. 1969an sortu zuten ezkondu ondoren lan egiteari utzi nahi ez zioten 17 emakumek. “Lanaldi erdian lan egiten zuten emakumeen kooperatiba sortu genuen, zaintza lanekin uztartu ahal izateko”, azaldu zuen Itziarrek. Arrasaten bizitzeak asko errazten zuen garai hartan ehun kooperatibora sarbidea. “Aholkularitza jaso ondoren, lanean hasi ginen, bereziki bulegoen garbiketarekin”, gehitu zuen Usabiagak.

Asun Arrieta eta Amaia Ibarluzeak Eika kooperatiban ezagutu zuten elkar. Berrogeita hamar urte baino gehiago daramatza enpresak tresna eta ekipamendu elektrikoak egiten, bereziki etxetresnetarako. 1973an sortu zen Lea-Artibal eskualdean lan-aukerak sortzeko helburuarekin.

Maria Rosariok, Itziarrek, Asunek eta Amaiak kooperatiba ezberdinetan egin zuten lan, eskualde ezberdinetan, eta hala ere bizipen ugari partekatzen dituzte. Kooperatibismoak beste modu batean bizitzea posible zela erakutsi zien, eta ahalduntzailea izan zen haientzat.

Izan ere, emakume askorentzat lan feminizatuetatik harago lan egiteko aukera izan ziren kooperatibak. “Hasieran, ez genuen ulertzen zer zen egin behar genuena”, zioen Asunek barrez. “Normalean, zaintza lanak, ileapaindegiak… Halakoak ziren emakumeok egiten genituen lanak. Eikan kozinetarako plaka elektrikoak egiten hasi ginen. Ilusioa egin zigun zerbait ezberdina egiteko aukera edukitzeak”.

Kooperatiba espazio sozial gisa ere ulertzen zuten hizlariek. Kooperatibismoak zer eman dien galdetu genienean, guztiek aipatu zituzten adiskideak. “Elkartzeko gunea zen guretzat, beste emakume batzuk ezagutzeko eta elkarren artean saretzeko”, aipatu zuen Maria Rosariok. Baina askok ez zuten hori begi onez ikusten: “Gizon askorentzat, gu ‘besteak’ ginen. Gaztelaniaz, ‘esas’ (emakume horiek) deitzen ziguten. Senarrek emazteei esaten zieten: No vayas con ‘esas’ de Auzo Lagun”, gogoratzen zuen Itziarrek.

“Aurrerapenak egin badira ere, oraindik asko dago egiteko. Emakumeon presentzia aldarrikatu behar dugu erabaki-espazioetan, eta amatasuna bezalako auziei heldu behar diegu”, jarraitu zuen Auzo Laguneko kide ohiak. Eikako Amaiak bat egin zuen hausnarketa horrekin eta zera gehitu zuen: “Lan teknikoetan eta makinerian emakumeak falta dira oraindik ere”.

90 eta 2000 hamarkadak: Ereindako hazia loratzen

1980 eta 1990 urteetan emakumeen lan-merkaturatzea nabarmen areagotu zen. Alabaina, aldi berean industriaren automatizazio handia eman zen eskulanetan oinarritutako kooperatibetan, eta horrek gizon gehiago sartzea eta emakumeen presentzia gutxitzea ekarri zuen.

Hala ere, aurreko belaunaldietako emakume kooperatibistek ereindako hazia loratzen hasi zen, eta kooperatiba berriak sortu ziren. Horren inguruan hitz egin zuten Leonor Astigarragak (Eroski kontsumo kooperatibako lan-bazkidea) eta Amaia Baldak (Emun aholkularitzako sortzailea).

Leonor 1991tik ari da lanean Eroskiko marketin taldean. Bere alorretik genero-berdintasuna sustatzeko aukera izan duela azaldu zuen harrotasunez: “Barrutik hasi ginen eraldaketarekin: esaterako, Gabonetako jostailuen esku-orrian ‘neskentzako’ eta ‘mutilentzako’ jostailuen arteko banaketa apurtu genuen”.

Amaiak 1997an sortu zuen Emun kooperatiba, beste bi kiderekin batera, lan mundua euskalduntzeko helburuarekin. Gaur egun 87 langile ditu Emunek, eta horietako 80 bazkide dira. Bilakaera horrek irakaspen asko utzi dizkio Baldari: “Kooperatiba leku ezberdinetatik bizitzeko aukera izan dut urteotan, eta etorri den lankide berri bakoitzak begirada berri bat ekarri du Emunera”.

Barne mailan, kontziliazioaren auziaz aritu ziren biak. “Ahalegina egin dugu kontziliazio erantzunkidea sustatzeko, lana bizitzarekin bateragarria egiteko”, zioen Amaiak. “Gaur egun, barne-antolaketa eraldatzen ari gara eta ardurak taldeetan partekatzen ari gara. Gizarte eraldaketak barne-eraldaketa ere eskatzen du”.

“Lan kontzepzioa aldatu da eta aldatzen jarraitu behar du”, gehitu zuen Leonorrek. “Kontziliazioari behar bezala heldu behar diogu gizartean; zaintza-baimenak eskatzen dituztenak emakumeak dira batez ere”.

Haien kooperatibak zer eman dien galdetzean, berriro ere harremanak aipatu zituzten. “Lagun asko egin ditut, eta ikuspegi asko entzuteko, aztertzeko eta pentsatzeko aukera izan dut”, adierazi zuen Leonorrek.

Gaur egun: Feminismoa lan-eremura ekartzen

Ibilbide luzea egin dugu azken 60 urteetan eta, gaur egun, aurreko belaunaldietako emakumeen irakaspenak barneratu dituzten hamarka kooperatiba gaude Euskal Herrian. Kooperatibismo feministaz hizketan ere hasi gara asko. Izan ere, emakumeon presentziaz harago, egiteko moduak eraldatzea beharrezkoa dela uste dugu.

Azken bi hamarkadetan, ekonomia feministak lanaren inguruan dugun kontzepzioa aldatu ditu kooperatiba askorentzat. Bizitzak erdigunean jartzeko diskurtsoaren baitan, praktika errealera nola jaitsi asmatzen saiatzen ari gara.

Horren inguruan hitz egiteko, azken mahaian izan genituen Ana Revuelta (Artaziak, arte eta hezkuntzako kooperatiba), Itsaso Larramendia (Tipi, eraldaketako diseinua egiten duen kooperatiba), Maria Arretxe (Goiener, energia berriztagarrien kooperatiba) eta Alaitz Tolosa (Mitxelena, tamaina handiko piezen mekanizazioa egiten duen kooperatiba).

Oso kooperatiba ezberdinak bildu genituen. Artaziak eta Tipi arlo sozialera lotutako kooperatiba txikiak dira, soilik emakumez osatutakoak. Goiener eta Mitxelenak, ordea, bazkide-langile gehiago dituzte (64 eta 32, hurrenez hurren) eta energia eta industria sektore maskulinizatuak direnez gero, emakumeen presentzia umilagoa da. Mitxelenan, esaterako, bi emakume daude soilik. Horrek eztabaida aberastu zuen eta, aniztasuna agerikoa bazen ere, erronka asko partekatzen zituzten.

Kooperatibismoa ingurua eta euren bizitzak eraldatzeko tresna gisa ikusten zuten mahaikideek. “Arte-hezkuntza oso prekarizatuta dago. Errealitate horren aurrean sortu genuen Artaziak, beste lan-eredu bat bultzatzeko sektorean”, zioen Ana Revueltak. Tipi kooperatibako Itsaso Larramendiak ere lan-eredu berriak txertatzearen ikuspegitik egin zuen gogoeta: “Zaletasun, interes eta motibaziotik sortutako proiektua da Tipi. Kooperatiba osatzen dugunok feministak gara eta horrek lanarekiko dugun ikuspegian eragiten du. Horregatik, kooperatiba izateak duen potentziala erabiltzearen aldeko apustua egin genuen”.

Maria Arretxerentzat, Goienerren sartzeak eraldaketa eragin zuen ere bere bizitzan:  “Amatasuna zela eta, hamar urtez murrizketa batekin egon nintzen lanean nire herrian, eta lan eta bizitza eremuak erabat bananduta nituen. Haurrak autonomia hartzen hasi ziren heinean, nire bizitzako beste esparruak garatzen hasteko gogoa sortu zitzaidan. Goiener ezagutu nuen Bilbon egin zuten aurkezpen batean, eta boluntario sarean sartu nintzen. Geroago, langile-bazkide bilakatzeko aukera izan nuen. Uste dut zorionekoa izan nintzela momentu hartan; unibertso berri bat zabaldu zitzaidan”, zioen Mariak irribarretsu.

Mitxelena tailerra 1957 urtean osatu zuten bi anaiek, eta 2000 urtean kooperatiba bilakatu zen. 2007an sartu zen Alaitz Tolosa bertan lan egitera. “Multinazional batean urtez egon ondoren, beste behar batzuk nituen. Mitxelenan sartu nintzenean, kooperatiba izaera galtzen ari zen enpresa, eta 2016an eraldaketa prozesu batean sartu ginen. Oso ibilbide polita izaten ari da, berriz ere kooperatibismoaren balioak berreskuratu nahi ditugulako”, hausnartu zuen Alaitzek. “Horri heltzeko, ibilbide luzea egin dugu, besteak beste, Farapirekin”, gehitu zuen konplizitatez Farapi Kooperatibako Nerea Eliasi begira, bera baitzen mahaiaren aurkezlea.

Enpresan soilik bi emakume egoteak ere baditu bestelako erronkak. “Zaintza kontzeptua txertatzen ari gara, ez soilik norberaren bizitza pertsonalean, baita lankideon arteko elkar zaintzan ere”, azaldu zuen Alaitzek. “Lan egiteko estilo ez horren bortitzak sustatzen ari gara, nahiz eta erritmo biziko lana den, eta uste dut nire presentziak lan egiteko eta komunikatzeko eran eraldaketa ekarri duela”.

Industriaren munduan bezala, Goienerren ere badute emakumeen presentzia areagotzeko erronka. “Lan-eskaintza bat kaleratzen dugunean, argi ikusten da genero-segregazioa lanpostuaren arabera. Administrazio postua bada, emakume askoz gehiago aurkezten dira energian espezializatutako lanpostuetan baino”, hausnartu zuen Mariak. “Genero-desoreka horren inguruan lanketa egin behar dugu”.

Artaziak kooperatibako Anak marko politikoa gehitu zion horri: “Subjektu subalterno gisa sozializatu gaituzte emakumeok. Aipatzen ari garen guzti honi diskurtso politikoa emanez gero, errazagoa da gaiari heltzea eta rol eta jarrera zehatzak erreproduzitzeari uztea, beste eredu batzuk sortzeko”. Hala ere, bidea samurra ez dela aitortu zuen: “Ez gara gizartetik aparte bizi, eta nahiz eta oasi bat garela uste dugun, ez da beti hala, sistema kapitalista patriarkalaren baitan gaudelako. Bi gauzetan nahiko berde gaudela uste dugu: alde batetik, zaintzen asuntoan, batzuetan diskurtsoa ez doalako bat errealitatearekin. Bestetik, ikuspegi intersekzionala, subjektu zapalduak garen moduan, pribilegiatuak ere bagarelako".

Kapitalismoan ematen den etengabeko hazkuntzaren joera ere kritikatu zuten. “Gu kooperatiba txikia gara eta txikia izan nahi dugu. Ez dugu hazkunderako grina”, esan zuen Tipiko Itsasok. “Gure balioek ekarpena egiten diote kooperatibismoari: elkarlana, gizarte eraldaketa, ikuspegi kritikoa, feminismoa… Eta, horrela, bestelako lan-ereduak sustatzen ditugu”.

Belaunaldi ezberdinetako emakumeak elkarren artean hitz egin zuten tarte batez eta, amaitzeko, Farapi Kooperatibako Nerea Eliasek eskerrak eman eta itxiera-testu hunkigarri bat irakurri zuen. Hona hemen gogoeta horren zati txiki bat:

Kuriosoa da jardunaldi hau osatzeko egin dugun bidea, egia esatera mahaik osatzea espero baino gehiago koskatu zaigu. Emakumeoi, oraindik ere, asko kostatzen zaigulako egin dugun, egiten dugun lana aitortzea. Hain izan da ikusezin, sarri barruraino sartu zaigula ikusezintasun hori. “Zer interes dauka, bada, nik kontatuko dudan horrek?” Bada, lehen mailako interesa! Elkarrekin josi baitugu gaur Euskal Kooperatibagintzaren historiaren zati bat. Biografia indibidualetatik biografia kolektibora.

 

IKUSI HEMEN JARDUNALDIAREN ARGAZKI-GALERIA:

 

Emakumeak Euskal Kooperatibismoan [2023-07-07]