Eskuartean

Biziola, Goierrin ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko sarea

 

Helburua Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago bat lortzeko proiektu zehatzak martxan jartzea da. Hala zioen Nerea Elias farapitarrak Goiberri aldizkarian egin zioten elkarrizketan: “Biziolak ikuspegia oso interesgarria dauka, baina gauzak egitera etortzea are interesgarriagoa da. Gogoeta, hausnarketa eta ikuspegi kritikoa bai, baina edo alternatibak eraikitzen dituzu eta egin, edo bestela teorian gelditzen da. Biziolan elkartu garen jende eta eragile multzoa egitera datorren taldea da. Egundoko ilusioa nabaritzen da inguruan, horrelako proiektu baten beharra dagoelako. Gainera, jende oso anitza da, asko zabaldu den mugimendua, eskualdeko herri ezberdinetakoekin –herri txiki eta handiak–… Oso aberatsa da, begirada eta bizi esperientzia oso ezberdinak dituen jendea”.

Gaur egun, Biziola Fabrika sortzen ari gara Lazkaon. Eraikinak bost gune izango ditu nagusiki:

  • Elikadura burujabetzaren bidean, produktuak bildu eta banatzeko logistikarako gunea.
  • Produktuak eskuratu eta agroekologiaren bidean hezi eta hazteko espazio bat.
  • Produktuak eraldatzeko espazio bat, hasiera batean, gozogintzako obradore bat jasoko duena.
  • Plaza ireki bat, hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak, antzerkiak, kontzertu txikiak… egiteko. Mundu bizigarriagoak sentitzeko, ezagutzeko eta bizitzeko aukera emango diguna.
  • Ekonomia Sozial Eraldatzailean lanean dihardugun proiektuentzako lanerako espazioak eta proiektu berrien haztegia.

Gune horiek errealitate bilakatzeko, ostegunero joaten gara Lazkaoko fabrikara auzolanaren bitartez espazioa egokitzeko.

Eskualdeko eragile sozialak, ESEko kooperatibak, sindikatuak eta, bereziki, herritarrak batu nahi ditu Biziolak, eta bazkidetza kanpaina martxan dago dagoeneko. Nerea Eliasek dioen moduan, "Hasi besterik ez gara egin. Orain bultzada behar du proiektuak bazkidetzarekin, ekonomikoa eta sentitzea atzetik komunitate sendo bat daukala, lehen aipatutako egoteko modu guztietan". Egin zaitez bazkide!