Eskuartean

‘Amatasunak proiektu kooperatiboetan’: Amatasunek ekintzailetza proiektu txikietan duten eraginari buruzko hausnarketa kolektiboa

‘Amatasunak proiektu kooperatiboetan’ tresna argitaratu dugu Artaziak eta Farapi kooperatibok. Dokumentu hori amatasunek ekintzailetza proiektu txikietan duten eraginari buruzko hausnarketa kolektiboaren emaitza da.

Ikerketaren helburua bizipenak partekatzetik talde hausnarketara igarotzea izan da. Elkarrizketa, partekatze, topaketa eta saio ugari burutu ditugu, eta guzti horien destilazioa da dokumentu hau, prozesuan izandako hausnarketa, ideia eta ondorioak bilduko dituena.

Horrela, hausnarketa horretatik, amatasunek, gaur egun eta gure testuinguruan, sortzen dituzten tentsio, desoreka, aliantza eta iraultzetan zentratu gara. Bizipen, esperientzia eta ibilbide desberdin, anitz eta errealetatik abiatu gara indagazio ariketa hau burutzeko.

Lan produktiboa eta erreproduktiboaren arteko talkan bizi garen jendarte honetan, alternatiba eraiki ditzaketen talde akordio eta erabaki kolektibo feministak irudikatu, sortu eta partekatu ditugu.

Teoria eta praktika banaezinak direla ulertuta, gure praktiketatik teorizatzeko ariketa ere izan da. Esperientzietan oinarritutako ikaspenek ekarri gaituzte honaino, eta era berean, partekatze horretatik sortu dira neurri eta praktika berriak.


Zer aurkituko duzu tresna honetan?

Gogoeta bost eremutan antolatu dugu eta horien inguruan sakondu, problematizatu eta teorizatu dugu:

  1. Eragina antolakuntzan
  2. Lehentasunen arteko talkak
  3. Talde harremanetan tentsioak
  4. Malgutasuna eta kontziliazioa
  5. Eragin ekonomikoak

Lehenik eta behin eremu horri lotutako zailtasunak, tentsioak eta kezkak jasotzen dira, eta ondoan, parte hartzaileek beraien kooperatibetan dagoeneko garatzen zituzten estrategia eta neurriak agertzen dira.

Jarraian, ikuspegi feministatik gatazka horiei aurre egiteko beharrezkoak diren gakoak jasotzen dira. Eta honi lotutako gogoeta eta aldarrikapen sorta biltzen dira.

Eta azkenik, beste proiektu ekonomiko batzuetan eman daitezkeen galdera deserosoen atala gehitu nahi izan dugu, norberak hausnarketa eta eztabaida pizteko.

Mesedez, ulertu eta erabili material hau zure edo zuen egoera aztertzeko eta birpentsatzeko tresna eta motibazio gisa. Segi dezagun ekonomia sozial eraldatzaile eta feminista eraikitzen.

***

Prozesu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua da.