Eskuartean

Ama izateak kooperatibetan sortzen dituen tentsioez

2023ko abenduaren 14an berriz elkartu ginen Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, amatasunen eta proiektu kooperatiboen inguruko hausnarketa kolektiboarekin jarraitzeko.

Lehenengo saioan gaiari hurbilpena egin ondoren, bigarren saio honetan tentsioen inguruko lanketari ekin genion. Oraingo honetan, lagun gehiago batu zitzaizkigun eta bederatzi kooperatibak parte hartu genuen.

Bizipenak partekatzen

Prozesuaren hasieran, Artaziak eta Farapiko kideok inkesta bat sortu genuen amatasunek proiektu kooperatiboetan izan duten eraginaren inguruan. Bertan, hausnartzeko gonbita egiten genien hartzaileei orain arte amatasunen aurrean izandako bizipenen inguruan, eta egituran eta antolakuntzan sortutako aldaketen inguruan.

Saioari ekiteko, inkesta hartatik ateratako aipuak jarri genituen espazioan zehar. Denetarik zegoen esaldi horietan: esperientzia pertsonalak, lan-taldean egindako kudeaketak, gizartearen inguruko hausnarketak…

Partaideei esaldiak irakurtzeko tartea eman ondoren, hiru galdera luzatu genizkien: “Zein da hurbilen sentitzen duzun aipua? Zein urrutien? Zeinek du premia gehien?” Galdera horiei erantzuteko, aukeratutako aipuaren ondoan kokatu behar zen norbera. Ariketa horrek tentsioen eta erronken elkarrizketa bideratzeko balio izan zuen. 

Jardueran zehar, ugaritan aipatu zuten partaideek proiektu kooperatiboek amatasunen kudeaketan izan dezaketen eragina: “Nire haurdunaldiak ez zuen gatazkarik sortu, proiektu kooperatiboa lehenetsi nuelako, nik amatasuna nola bizi nahi nuen pentsatu gabe”, esan zuen partaide batek. Askok hausnarketa horrekin bat egin zuten eta, beste batzuek, amatasunari tokia egiten saiatzeak sortzen dituen ezinegonak partekatu zituzten: “Ni lanaldi murrizketarekin nago, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, eta nire buruari galdetzen diot zein punturaino egiten diodan traba proiektuari. Zama hori sentitzen dut askotan”.

Norberak bere amatasuna kudeatzen duenean, bakardade sentsazioa eragin dezakeela ere aipatu zuten: “Uste dut plano emozionalari kasu gehiago egin behar zaiola eta dena gehiago partekatu behar dela, amatasuna ez izateko soilik zurea den zerbait”.

Saiatzen bagara ere, zaila da halako egoerak aurreikustea eta amatasunen aurrean nola jokatu jakitea. Izan ere, zer gertatzen da aurreikuspen bat egiten badugu eta ondoren egoera erreala beste bat baldin bada? “Jada esan duzunez ez duzula murrizketarik hartuko, badirudi jada ezin duzula hartu. Uste duzu aurretik planifikatu dezakezula, eta ez da horrela. Nola jakin dezakezu aldez aurretik zer beharko duzun erditu eta gero?”, zioen batek. “Amatasunak zaurgarritasun egoerak ekartzen dizkizu. Bakoitzak bere amatasun egoera moldatu ahal izatea garrantzitsua da”.

Ondorioak arintzeko neurriak pentsatzen ari gara etengabe, eta kooperatiba bakoitzean hobekuntzak egiten saiatzen gara, ikasi ahala. Gauzak horrela, askotan kooperatibok gure gain hartzen dugu gizarteak haren gain hartzen ez duen hori: “Partxeak jartzen ari gara. Nahiz eta jada asko den partxeak jartzea, zergatik da hain baxua amatasun prestazioa, esaterako? Zergatik geratzen da kooperatibongan oinarrizko legediari bestelako onurak gehitzearen ardura? Zergatik egin behar diogu guk aurre horri? Beste herrialde batzuekin konparatuta, baldintza okerragoak ditugu hemen”.

‘Brownie’ dastaketa

Atsedenaren ondoren, ‘brownieak’ (hau da, ‘marroiak’ edo tentsioak) aztertu genituen talde txikitan. Tamalez, kooperatibetan amatasunak kudeatu ahal izateko ‘jaten’ ditugun ‘brownieak’ ez dira batere gozoak.

Aurreko saioan identifikatutako tentsioetatik abiatuta, hiru taldetan banatu ginen eta norberak bizpahiru tentsio mota aztertu zituen. ‘Brownie’ dastaketa egin genuen, alegia! 

Zazpi tentsio mota identifikatu genituen: 1) amatasunek kooperatibaren kudeaketan duten eragina, 2) amatasun eredu ezberdinen aurrean dauden lehentasun aniztasunak, 3) lan-taldearen harremanetan sortzen diren tentsioak, 4) amatasunen eta beste zaintza beharren arteko orekak; 5) malgutasunak eragiten dituen zaintza-arduren desorekak; 6) amatasunek kooperatiben errentagarritasunean duten eragina; eta 7) lantokiak amatasunentzako espazio bilakatzearen erronka.

Norberak ateratako hausnarketak talde handian partekatu genituen, eta kanpo eraginei so egitea garrantzitsua dela ondorioztatu genuen. Hain zuzen ere, kooperatibetan sortzen dioren tentsioetako askoren jatorria gizartean edota sistema ekonomikoan dago.

Hurrengo urratsak

Talde-hausnarketarako azken saioa 2024ko otsailaren 23an izango da. Aurreko saioetan antzeman dugu gaiaz hitz egiteko eta elkarrekin hausnartzeko premia handia dagoela eta, hori dela eta, saio horrek arratsaldera arte iraungo du.

Ordura arte, audio-gutunak bidaliko dizkiogu elkarri. Telegram talde bat sortu dugu eta, bertan, astero kooperatiba batek galdera bat botako dio taldeari, amatasunen inguruan. Gainontzekook audio bidez erantzungo diogu galdera horri. Elkarren artean kezkak eta horiei aurre egiteko gomendio eta neurriak partekatzea da Telegram taldearen helburua. Era berean, Artaziak eta Farapi kooperatibek beste kooperatiba, eragile eta norbanakoen ekarpenak ekarriko dituzte taldera. Ziur gaude audio-gutunak aberasgarriak izango direla azken saioaren edukia prestatzeko!

Beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu prozesu honetan parte hartzen ari diren proiektuei, haien eskuzabaltasun eta konpromisoagatik: Aztiker, Emagin, Hiritik At, Hitza Argi, Irule Abokatuak, Juntura, Parean, Tapuntu eta Zituene.

 

[Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren sustapen eta finantzaketari esker garatutako proiektua].