Eskuartean

Alaitz Tolosa Irazusta (Talleres Mitxelena): “Hausnartzeko makinak gelditzea erronka izan da”

Mekanizatu pieza handi eta bereziak egiten dituzte; hau da, pieza seriatuak egin ordez, bakarrak egiten dituzte. Automatizazioak pertsonen rola botoi bat zapaltzera murrizten duela uste dute Mitxelenan, eta industriaren ikuspegi gizatiarraren alde egiten dute: “Guk artisauak balira bezala definitzen ditugu tailerreko langileak, beraiek erabakitzen dutelako pieza nola landu. Pertsonaren asebetetzeari garrantzia ematen diogu eta uste dugu gure balio erantsia pertsonak direla”, dio Alaitz Tolosa Irazusta Talleres Mitxelenako Koordinatzaileak.

Hausnarketa horrek agerian uzten du Mitxelenaren izaera ez dela ohikoa industria-sektorean. Hala egiaztatu genuen guk ere lehenengoz haien tailerrera iritsi ginenean. Ordutik, zortzi urteko elkarlan-ibilbidea egin dugu Mitxelenak eta Farapik. Erantzukidetasun soziala lantzen ari gara elkarrekin, Erakide tresnaren bitartez.

Horren inguruan hitz egiteko bertaratu gara haien etxera, Hernaniko Etziago poligonora, eta Alaitzek egin digu harrera kafesne bero batekin.

 

Pertsonen balioaren inguruan esan duzuna entzun ondoren, agerikoa da Mitxelenan baduzuela beste era batean lan egiteko bokazioa. Nola sortu zitzaizuen erantzukidetasun sozialari ekiteko grina?

Kooperatiba bilakatu ondoren, konturatu ginen enpresa tradizional baten antzera lan egiten ari ginela, eta horri buelta eman behar geniola pentsatu genuen. Lantalde guztiari beste lan egiteko modu bat aurkeztu genion eta bozka bidez eraldaketari ekitea erabaki genuen 2015 urtean. Talde Eragile bat sortu genuen horretarako.

Barne-eraldaketa prozesua abiatzea erabaki genuen eta, kasualitatez, Beterri-Buruntza Garapen Agentzia gurekin harremanetan jarri zen Hernanikidetu aurkezteko. Hernaniko enpresetan erantzukidetasun soziala sustatzeko ekimena zen hori.

Orduan etorri zen lehenengoz gure lantokira Farapiko Maria. Lehen gerturatze horrek balio izan zigun lankideak elkartu eta beste termino batzuetan hitz egiteko. Mariak bikain egin zuen; lankideentzako arrotza izan daitekeena termino ezagunetan azaltzea lortu zuen. “Lan erreproduktiboa” eta halako kontzeptuek beldurra sor dezakete gure sektorean, baina Mariak oso ondo jakin zuen gaia lurreratzen eta lankideak eroso egoten.

Horri esker ezagutu genuen Farapi eta, hurrengo urtean, haiek proposatu ziguten Erakide tresna Mitxelenan txertatzea. Farapiko Nico eta Gabrirekin hasi genuen prozesu hori.

Gauzak ezberdin egin nahi genituen; kooperatibaren balioak berreskuratu nahi genituen, eta Erakidek diagnosi bat egiten lagundu zigun. Prozesuan parte hartzea boluntarioa bazen ere, jende gehienak parte hartu zuen eta talde-hausnarketarako oso baliagarria izan zen.

Erakide trenak asko lagundu digu, baina argi dugu bizitza osorako lana dela eta kontraesan asko ditugula. Prozesu luzea izan da eta oraindik ere Farapirekin jarraitzen dugu lanean.

 

Zer nolako aldaketak gertatu dira zuen lantokian Erakide tresna aplikatzearen ondorioz?

Hasi ginenean, bi lehentasun jarri genituen: parte-hartzea eta barne-komunikazioa. Nire ustez, bereziki garrantzitsua da aipatzea prozesuaren metodologia partehartzailea izan dela. Talde Eragilean hartutako erabakiak lantalde osoan lurreratu ordez, lantaldeko kideen benetako parte-hartzetik abiatu dugu prozesua.

Alde batetik, parte-hartzea bermatzeko metodologiak garatu ditugu. Guk jada egiten genuen kooperatiba izateak eskatzen duen guztia: batzar nagusiak, kontseilu errektorea… Baina bertan parte hartzeko metodologia ez zen benetan partehartzailea. Errealitatean, langile gisa batzar batean zure iritzia ematea ez da horren erraza.

Iritzia emateaz harago, lankide guztiok gauzak erabaki eta exekutatzeko gaitasuna bultzatu nahi genuen. Sormen Taldea sortu genuen eta orain bertan elkartzen dira lankideak. Han atera zen, adibidez, espazio amankomunak berritzeko proposamena; besteak beste, ez genuen emakumeentzako aldagelarik. Horren inguruan interesa zuten lankide batzuek ekarri zuten proposamena eta haiek begiratu zituzten aurrekontuak, gure kudeaketa-laguntzarekin. Gainera, parte-hartze horri esker, tailerreko lankideek aukera izan dute erosketak egiterako garaian jarraitzen ditugun irizpideak baloratzeko.

Bestetik, barne-komunikazioari dagokionez, tamaina txikia badugu ere, batzuetan informazioa ez zen talde osora iristen. Farapirekin hasi ginen hausnarketak lurreratzen: Kontseilu errektoreko rolen inguruan gogoeta egin genuen, nola hautsi rol autoritarioak, parte hartzeko nola ahaldundu, elkarren artean nola komunikatu… Tresna konkretuak definitzen hasi ginen, alegia.

Momentu hartan lehentasun horiekin hasi ginen, eta hortik abiatuta beste hainbat lanketa egin ditugu: plan estrategikoa edota barne-araudia berritzea, esaterako. Dena modu partehartzailean, noski! Farapik lagundu digu partaidetzarako metodologiak ezagutzen eta egiten ez dakigun hori egiten.

Sormen Taldea eratu dute, langileek haien iritzia emateaz gain, erabakiak exekutatu ahal izateko.

 

Nola izan zen hasierako momentu hori, Nico eta Gabri Mitxelenara etorri zirenekoa, ‘Erakide’ tresna txertatzeko? Nola hartu zuen lantaldeak?

Hasieran eszeptizismoa egon zen, noski. Horrelako prozesuetan, aurrera egiten duten pertsona batzuk egon behar dira, zaila delako inertziak haustea. Lehenik eta behin, makinak gelditzea eskatzen zuelako eta asko kostatzen zitzaigulako ulertzea batzuetan produzitzeari utzi behar geniola. Erraza da pentsatzea: “Zer ari zarete bilera batean? ¡Que hay que currar!

Zalantzak izanda ere, eta guretzat gaia arrotza bazen ere, Farapik oso ondo egin zuen lurreratze-ariketa. Niretzat hori izan da arrakastaren gakoa. Sentitzen baduzu zure aurrean dagoena klase bat ematera datorrela eta zu baino azkarragoa dela uste duela, ez duzu ezer egin nahiko. Baina zure parekoak termino ulerterrazetan hitz egiten badu eta praktikara ekartzen badu, harrera egitea errazagoa da. Gure kasuan hala izan zen, eta lantaldea bete-betean sartu zen prozesuan.

 

Esaten duzunaren arabera, zaila dirudi halako neurriak txertatzea zuen industrian…

Bai, hala da. Gauza zailenetako bat izan da produktibitatetik harago pentsatzea. Aurreiritzi asko eduki ditugu horrekin. Tailerra uztea eta makinak gelditzea hausnartzeko… Produzitzeari uztea! Zaila da lanaren kontzeptua aldatzea, eta genituen sinesmen batzuen aurka joan behar izan dugu. Geure buruari galdetzen genion: “Merezi ote du makinak gelditzea honetarako?”

Zaila egin zaigu ere bide berean ari diren beste eragileekin elkartzea, beste lan-eremuetatik etorri ohi direlako. Adibidez, gu Olatukoop sarean gaude eta batzuetan zaila egiten zaigu halako espazioetan egotea eta beste termino batzuetan hitz egitea. Konplexu handia izaten dugu. Gu industriatik gatoz, karratuak eta hotzagoak gara; zure jarduerak definitzen zaitu, nahi gabe bada ere.

Ni oso karratua naiz eta uste dut, neurri batean, funtzio honek egin nauela horrela. Beraz, izaera horrek hausnarketarako aukera gutxi ematen dizkigu. Gainera, ez gara hitz jario edota abstrakzio handikoak, eta hori sumatzen dugu espazio partekatuetan gaudenean. Hausnarketarako guneak sortzen direnean, gaiak interesgarriak badira ere, konplexua eragiten digu batzuetan. Baina, tira, gure kontraesan guztiekin ere, aurrera goaz!

Guk ere badugu zer esan eta zer hausnartu. Aurreiritziak eta beldurrak alde batera utzi ditugu, eta hausnarketaren garrantziaz eta gaitasunaz jabetzea lortu dugu.

Makinak geratzea izan da Talleres Mitxelenaren erronkarik handiena.

 

Horrek meritu handiagoa du, baina! Saregintzarako bokazio horrek ba al du zerikusirik Erakide tresnarekin?

Erantzukidetasun sozialetik abiatuta, beste eragile eta taldeekin elkarlanean hasi ginen. Enpresa gisa gure inguruarekiko dugun ardura eta konpromisoa lantzen hasi ginen eta hainbat espazioetan parte hartzen dugu gaur egun.

Goienerrekin harremanetan jarri ginen plaka fotovoltaikoak jartzeko, Olatukoop sarean sartu gara, Beterri Saretuz ekimenean gaude, Hernaniko Udalarekin eta tokiko garapen agentziarekin elkarlanean ari gara… Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuarekin (GEZKI) harreman handia daukagu ere eta formakuntzak ematera etorri ohi dira. Hernaniko ekimenetan ere parte hartzen saiatzen gara.

 

Orain arte egin duzuen bidea luzea izan da. Ba al duzue erronka zehatzik aurreikusita hurrengo urteetarako?

Amaigabeko prozesu bat bezala planteatzen dugu. Argi dugun helburu bakarra jarraitzeko beharra da. Horrenbeste gauza ditugu egiteko… Berriz ere Erakide tresna aplikatuko dugu, gaur egungo egoera aztertzeko, eta horrekin asmoa da beste lehentasun batzuk ateratzea.

Guretzat beti dago zer hobetu eta zer birkokatu: gizartea aldatzen doa eta egokitu behar gara, pertsona berriak sartzen dira lantaldean… Etengabeko lana da.

 

Elkarrizketa amaitzeko, galdera berezi bat dugu zuretzat: Gurekin izan duzuen harremanetik abiatuta, zein animaliarekin deskribatuko zenukete Farapi?

[Barrez] “Oso Farapi” da galdera hau! Zaldiarekin lotzen zaituztet, animalia noblea, indartsua, polita eta goxoa delako. Niretzat, Farapik balio finko batzuk ordezkatzen ditu eta gure gidaria da. Bultzatu eta gidatu egin gaitu, zaldiek bultza egiteko duten indar horrekin, oso modu polit eta erakargarrian. Nico eta Gabri oso nobleak dira, benetan.

Farapik gu eramatea lortu du, tinko, baina goxo aldi berean. Konplizeak zarete. Ez zarete Mitxelenan agertu esanez zer egin behar den, baizik eta zer egin dezakegun elkarrekin, eta asko gidatu gaituzue horretan.

 

 

***

OHARRA: Talleres Mitxelenan Erakide tresna aplikatzen hasi ginenean Farapik soilik egiten zuen lan hori. Gaur egun, honako aholkularitzok osatzen dugu Erakide tresna aplikatzeko lan-taldea: Aztiker, Emun, Elhuyar, Farapi eta Isladak.