Eskuartean

2022ko lana aitortzen eta ospatzen: Eskerrik asko gurekin bidea egiteagatik!

Elkar besarkatu dugu lasai, azkenik!

Farapitar askok etxetik irten ezin hasi genuen urtarrila, COVID-ak jota. Pare bat urtez birtualtasunak gure lanarekin talka egin ondoren, aurrez aurreko saioetara itzultzeko gogoz itzuli ginen lanera. Elkar ukitzea, gorputz osoarekin adierazi ahal izatea, musukorik gabeko irribarreak ikustea, saioen aurretiko kafeak (eta ondorengo poteak!)… Zeinen garrantzitsua den presentzialtasuna! Proiektuan ez ezik, lantaldean ere eskertu dugu normaltasunera itzultzea.

Urteari hasiera emateko, asteburu pasa joan ginen Asteasura, eta bertan aurreko urtean egindako lana aztertu eta 2022 urterako erronkak zehaztu genituen. Urtean zehar ere talde-lanerako beste hainbat espazio izan ditugu: asteartero egiten ditugun produkzio bilerak, lan-talde eta lan-lerro bilerak, elkarren artean ezagutza partekatzeko barne-saioak… Eta Zerainera joan ginen ere kooperatibaren Batzar Orokorra egin eta urte-erdialdeko talde-hausnarketa egiteko.

Asteasuko Otardi landa aterpetxean egin genuen urte hasierako asteburu pasa.

 

Zenbat proiektu, hainbat irakaspen

Dakizuenez, gure lan-eremuak feminismoa, parte-hartzea eta ekonomia sozial eraldatzailea dira, eta horiek uztartzen dituzten prozesuak sustatzen eta bideratzen ditugu. 2022 urtean zehar, ekimen anitzetan bidelagun izan gara. Hona hemen haietako batzuk (ez denak! Bestela, ez genuke sekula amaituko…):

Jai parekideak sustatzeko hainbat ekimenetan elkarlanean aritu gara aurten ere. Tolosan, Tolosako Jaien Berdintasun Behatokia laguntzen jarraitu dugu eta, gainera, Behatokiaren 2022-2024 Ekintza Plana kaleratu zuen Udalak!

Zizurkilen, Zegaman eta Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloen diseinua egin herritarrekin batera. Bestalde, Bergarako Zaintzen Ekintza-Plana diseinatu dugu eta Zegamako Zaintza-Mapa sortzeko lehenengo fasean murgildu gara, zahartzaroaren inguruko diagnostikoa eginez.

Saiaz Mankomunitateko herritarrak protagonista izan dira indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloaren sorreran.

 

Proiektu txikiek ere bihotza handitu digute. Saio zehatzak dinamizatzeak errealitate anitzak ezagutzeko aukera eman digu: Zumaiako zaintza-eredua irudikatzeko eta eraikitzeko jardunaldietan talde-dinamika, Errigorarekin barne-berdintasunaz hausnartzeko saioak, Bergaran Ehundurekin elkarlanean talde-dinamiken inguruko saioak… Pozik gaude prozesu horietan gure aletxoa ere badagoelako!

Halaber, herritarren parte-hartzea sustatzeko hainbat ekimenetan izan gara bidelagun. Goienerrekin batera, Energia Komunitateak sortzeko prozesuak dinamizatu ditugu Oreretan eta Itsasondon. Herritar-taldeen bitartez, komunitate bakoitzak berarentzako energia berriztagarrietan oinarritutako soluzioak sustatzea da horien helburua.

Haur, nerabe eta gazteen ahotsak entzun daitezen ere lan egin dugu. Irunen, esaterako,  Irungo Udalaren Haur eta Nerabeentzako I. Plana garatzen ari gara. Ikastetxeetan saioak egiten ditugu, bertan gaztetxoek proposatzen dutena udal-politikak bilakatzeko. Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, azaroaren 20an, saio bateratua egin genuen adin txikikoen eta udal teknikari eta politikarien artean, eta “nahi dugun hiria” diseinatu genuen. Egun ederra hura!

Irungo haur eta nerabeekin jarraitu dugu  lanean haien ahotsak entzun daitezen.

 

Segurako herrian, aldiz, sorpresa ederra izan dute haurrek: 2018an diseinatu genuen ‘Hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidea, herriko emakumeen memoria historikoa jasotzeko, eta aurten haurrentzako egokitu dute. Izan ere, ‘Marigorri hariz-hari sorgindu hadi!’ ibilbidearen unitate didaktikoa sortu dute 6-12 urteko umeentzat, eta ibilbidean zehar ariketak eta jolasak egiteko aukera dute orain.

Bestalde, herrietan haur eta nerabeen aldeko neurriak hartzeko dauden aukerak aztertzen ere lagundu dugu hainbat udalerritan. Oreretan, herriko gazteen egungo egoera, beharrak eta interesak zeintzuk diren ezagutu eta “Gazte Foro” bat sortzeko dauden aukeren eta gogoen azterketa partekatu bat egin genuen. Pasaian, Haur eta Nerabeen Eskubideen Planean elkarteak inplikatzeko prozesua lagundu dugu, elkarlanerako dauden aukerak esploratzeko asmoz.

Hori guztiaz gain, barne-mailan, hainbat enpresa eta erakunde lagundu ditugu haien berdintasun planak garatzeko, erantzunkidetasun soziala bultzatzeko, eta, oro har, bizitza eta zaintzak erdigunean jarriko dituzten herriak eta entitateak sustatzeko.

Enpresetan erantzunkidetasun soziala neurtu eta lantzeko, guk geuk sortutako Erakide tresna erabili dugu. Lan-prozesu berritzailea da hori, kudeaketa-modu berriak sortzeko, partaidetzatik eta jardun bateratutik. 2022an, enpresa ugariren bidelagun izan gara Erakide tresnarekin identifikatutako erronkei erantzuteko.

 

Guk ere gizartea eraldatu dezakegu

Farapin konpromiso tinkoa dugu gizartea eraldatzeko, eta uste dugu geure lan-eremutik asko egin daitekeela. Ikuspegi soziala duten proiektuetan bidelagun izateaz gain, erronka handia izan dugu aurten: guk geuk proposatutako eta ekindako proiektuak garatzea!

Arantzazulabek sustatutako ko-sorkuntzarako diru-laguntzei esker, ‘Galdera ikurrak’ proiektuari ekin diogu Tabakalerako Medialab espazioarekin batera. Bertan, Irun, Lasarte eta Donostiako nerabeekin partaidetza prozesua egin dugu ongizateaz hausnartzeko bideo-joko, fanzine eta argazkigintzaren bitartez.

Bereziki hunkitu gintuen prozesu horren amaieran egindako dialogo saioak, nerabeak eta erakundeetako ordezkariak bildu genituelako toki berean. Gazteen esker onak entzuteak eta erakundeen zorionak jasotzeak baieztatu digu zeinen garrantzitsua den halako ekimenak bultzatzea, eta etorkizunean halako beste proiektuak egin ahal izatea espero dugu.

'Galdera ikurrak' proiektuari esker, erakundeek nerabeen ongizate-beharren berri izan dute.

 

Kooperatibismo Feministari ere bultzada bat eman izan nahi diogu aurten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker, hurbilpen prozesu bat abiatu dugu. Kooperatibismoko, ekonomia feministako eta ekonomia sozial eraldatzaileko eragile ugarirekin elkarrizketak egin ditugu gaia Euskal Herrian, eta bereziki Gipuzkoan, lantzen hasteko.

Hurbilpen hori kolektiboa izan behar zela argi genuen eta, horregatik, urriaren 20an Kooperatibismo Feminista Topaketa antolatu genuen. Kooperatibetako 50 ordezkaritik gora bildu ginen bertan, eta denon artean ezagutu eta gure esperientziak partekatu genituen.

Talde ederra bildu ginen Kooperatibismo Feminista Topaketan.

 

Saretzen eta korapilatzen

Aurten, taldean indartsuagoak garela konprobatu dugu beste behin. Olatukoop sarean aktiboki parte hartu dugu, eta KoopFabrikan kooperatiba berriei laguntzeko programan ere lanean aritu gara. Hantxe izan ginen ere Biziola Fabrika ireki zutenean Goierriko ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko asmoz, eta ziur gaude hemendik aurrera elkarlan aukera asko izango ditugula.

Saretzea eta kooperatibismoa bultzazeko asmoz, KoopFabrikarekin elkarlanean aritu gara.

 

Pandemiaren ondoren, elkar ikusteko eta besarkatzeko desioa pil-pilean genuen. Horregatik, pozik parte hartu dugu hainbat hitzaldi eta topaketetan. Apirilean, Madrilera joan ginen Antropologia Aplikatuari eta Praktika Profesionalari buruzko IV. Jardunaldietan gure lana ezagutzera emateko. Ekainean, berriz, Antropologia Feministako I. Topaketan azaldu genuen gure esperientzia, eta beste hainbat ezagutzeko aukera ere izan genuen. Azkenekoz, azaroan emakumeok* jaietan dugun partaidetzaz hausnartzeko mahai-inguruan mahaikide izan ginen, Irunen.

Noski, hizlari gisa parte hartzeaz gain, entzule gisa parte hartu dugu hamaika jardueretan. Gizartea aldatzen doa eta erronka berriak sortzen dira. Horregatik, farapitarrok etengabe gaude halako topaketa eta formakuntzetan parte hartzen, gure ezagutza handitu eta inspirazio-iturri berriak lortzeko.

 

 

Elkar-zaintza eta bizigarritasuna: Gure itsasargiak

Farapin argi dugu lana bizigarritasunarekin uztartu nahi dugula. Nahiz eta lan eta lan aritu garen urte osoan zehar, norberaren eta taldearen zaintza bermatzeko tarteak ere izan ditugu. Hilero, esaterako, zaintza espazio bat izan dugu Leitzaranen, Harago Aholkularitzako lagunen dinamizazioari esker, gure barrenak mugitzeko.

Haragoko Aran maitearekin zaintza espazioak eduki ditugu urtean zehar.

 

2019an hasi genuen gure lan-eredua eraldatzeko erronka, eta aurten egindako ahalegin guzti horiek indartzeko urtea izan da. Oreka Sarearekin elkarlanean, barne-saioak egin ditugu Farapik bizigarritasuna bermatzeko sortu dituen tresna eta baliabideak aztertzeko. Jada elkarlana amaitu bada ere, datorren urtean jarraipena egingo diogu, eta espero dugu ikasitako guztia beste enpresa eta erakundeekin partekatu ahal izatea.

Eta, nola ez, hamaika bazkalordu eta pote partekatu ditugu, baina onena iristear dator: Urte amaierako bazkaria! Hori bai hori bizigarritasuna!

 

Hala izan da, bada, gure 2022 urtea. Horrenbeste bizipen, lagun berri, proiektu zirraragarri… Lantaldean une gazi-gozoak ere izan ditugu: gure June Bartzelonara joan zen bizitzera… baina Oihane batu zaigu lantaldera komunikazioa indartzeko. Nostalgiatik idatzitako testua dela nabaritzen da, ala?

Eskerrik asko bihotz-bihotzez 2022an gurekin bidea egin duzuen guztiei.

Goxotasunez,

Araitz, Gabriela, Haizea, Irati, June, Leire, Maider, Maria, Nico, Nerea eta Oihane