Eskuartean

Kooperatibetan Barne Araudi feminista osatzeko gida argitaratu du Farapik

Kooperatibismo feminista lantzen hasi ginenean, sentitzen genuen Gipuzkoan kooperatibismo feminista olatu bat zegoela, baina itsaso zabalean olatu guzti horiek ezin topatu zebiltzala. Pultsio horri kasu eginez, ekin genion gaia lantzeari eta, besteak beste, topaketa batzuk antolatu genituen kooperatibismo feministaren olatu honek zituen erronkak denen artean identifikatzeko.

Handik abiatuta, ikerketa bat egin genuen eta adostu genuen garrantzitsua zela kooperatibismo feminista tresna konkretuz elikatzea. Hots, kooperatibismoak eskaintzen dizkigun tresnetan balore eta ikuspegi feministak formalizatzeko erronkari heltzea.

Kooperatibismoaren oinarrizko tresnetako bat Barne Araudia da, kooperatibaren eguneroko bizimodua arautzen duelako. Hori dela eta, Barne Araudi horretan ikuspegi feminista txertatzen laguntzeko gida bat osatu du Farapik.

Barne Araudi Feministarako Gida inguruko proiektu kooperatibo feminista askoren eskuzabaltasunari esker osatu da. Kooperatiba hauen esperientzia eta praktika errealetan oinarrituta osatu da. Beraz, eskertza berezi bat eman nahi diegu proiektu honetan bidelagun izan ditugun kooperatiba guztiei. Kooperatiba hauen praktikak eta hausnarketak modu ezberdinetan ezagutu ditugu, kasu batzuetan aurreko ikerketan erantzun zuten galdetegiaren bitartez, beste batzuk beraien barne araudiak aztertzeko eskaini dizkigutelako eta besteak elkarrizketatu ditugulako.

Irakurri gida hemen:

 

Eskuratu gida (PDF)

 

[Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren sustapen eta finantzaketari esker garatutako proiektua].