Entre manos

50 bat lagun elkartu ginen Kooperatibismo Feminista Topaketan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren diru-laguntza bati esker hasi ginen Gipuzkoako kooperatibismo feministari buruz ikertzen. Gero eta proiektu kooperatibo gehiago genituen inguruan emakumez osatuak eta emakumeen lidergoarekin, parte hartzearekin… eta ezagutu nahi genuen proiektu horietan zenbateraino zegoen presente feminismoa eta proiektu horietatik nola eragiten ari ginen ekonomian, feminismoan eta orokorrean. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun ikerketa elikatzeko hausnarketa partekatua izatea eta kooperatiba ezberdinen ahotsak islatzea.

Kooperatibismo feminista ezaugarritzen

Zer da kooperatibismo feminista? Galdera hori erantzutea ez da lan makala. Horrexegatik, kooperatibismo feministak dituen ezaugarriak identifikatzen hasteko lehenengo hurbilpena egin nahi izan genuen topaketan.

Proiektua abiatu genuenean, gaiak ez zuen ia ibilbiderik Gipuzkoan. Kooperatibismo feministaren inguruko lanketak (ikuspegian eta praktikan) nahiko bananduak zeuden, kooperatiba bakoitza bere kabuz zebilen gauzak egiten, elkarrekin topatu eta partekatu gabe. Kooperatibismo feminista ezaugarritu nahi bada, Farapiko kideoi ezinbestekoa iruditzen zitzaigun ezaugarritze hori modu kolektiboan egitea, eta kooperatiba feminista egiten gaituen horren inguruko ikuspegi partekatu bat eraikitzea.

“Kooperatibetatik ahalegin erreal bat egiten ari gara ekonomia feministatik planteatzen ari den hori praktika konkretuetara ekartzeko, esloganak gorpuzteko”, aipatu genuen topaketaren hasieran. Gure praktika hauek ereduz trantsitatzeko elementuak eta proposamenak jasotzen dituzte (eredu kapitalista patriarkaletik ekonomia feministara) eta hori da topaketara bertaratu ginenok egin genezakeen ekarpenik interesgarriena.

Talde-lana, hausnarketaren ardatz

Aurkezpenaren ondoren, hausnarketa kolektiboa dinamizatzeko, lau taldetan banatu genituen partaideak eta, aldi berean, lau multzotan zatitu genuen hausnarketa: kooperatibismo feministaren ulertzea, izatea, egitea eta eragitea.

  • Ulertzea: Ekonomia feministan oinarritzen gara, teoriatik praktikara jauzia egiten ari gara… baina zer esan nahi du horrek? Nondik ari gara kooperatibismo eta kooperatiba feministak sortzen? Zeintzuk dira gure filosofia eta ikuspegia? Ikusezina ikusgarria bihurtzen dugu, eraldaketa ekonomikoaz ari gara, pribilegioak zalantzan jartzen ditugu… Nondik? Zein erreferenteetatik elikatzen ari gara gure ekonomia ulertzeko modua?
  • Izatea: Ekonomia eta mundua Ekonomia Feministaren begiradatik ulertzen baldin baditugu, begirada horrek “izate” koherentea eskatzen du. Beraz, besteak beste, ekonomia demokratizatzeaz, ikusezina ikusgarria egiteaz, baliabideen birbanaketaz eta gobernantza partekatzeaz ari bagara, kooperatibismoaz ari al gara? Formula kooperatiboak permeableagoak dira ekonomia feministatik datozen proposamenak artikulatzeko?
  • Egitea: Gure proiektu ekonomikoak, gure kooperatibak, bizigarriak izateko apustua nabarmena da. Kooperatibak sortzeko arrazoi eta motibazioen artean hamaika dira bizigarritasunari loturiko elementuak.  Ikuspegi feminista eta eraldatzailetik lan egiten dugunean ZER egiten dugun bezain garrantzitsua izaten da NOLA egiten dugun. Gainera NOLA horiek, kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako “egiteko-moduak” desengonkortzera etorri behar dute.
  • Eragitea: Kooperatibismo feministatik eta gure kooperatibetatik eragiteko dugun gaitasunaz ari gara. Bai gure aktibitatearekin lotuta, zeinekin saretzen garen eta zertarako, mugimendu feministarekin artikulatu eta dauden erronkak ikuspegi ekonomikotik landu…  Eragiteko gaitasun hori lotuta dago ekonomia ulertzeko eta garatzeko moduarekin. Beste ekonomia eredu batetara transitatzea dugu helburu.

Lanketa errazteko asmoz sortu genituen lau multzo horiek, ahaztu gabe guztiak haien artean gurutzatuta daudela eta batak besteari eragiten diola. Talde bakoitzak hausnarketarako baliagarriak izan zitezkeen galera- eta aipu-sorta jaso zituen. Aipuak aurretik Farapik egindako elkarrizketetatik ateratakoak ziren, benetan burmuinari kilimak egiteko modukoak; adibidez: “Kontua ez da soilik ikuspegi feminista bat bultzatzea, baizik eta antikapitalista bat ere bai, ekoizpen logika askoren aurka doana: jabetza pribatuaren aurka, soldataren aurka…” Hori da, hori, esaldi puska! Horregatik eskaini genion topaketaren tarte luzeena talde-lanari. Horren ostean, atsedena iritsi zen eta talde argazkia atera genuen.

Erronka eta zalantza amankomunak

Atsedenaren ondoren, lanketak talde handira ekarri genituen. Talde bakoitzak ordezkari bat izendatu eta landutako ideia eta hausnarketak partekatu zituen. Emaitzak irudikatzeko asmoz, talde bakoitzak lau blokeen inguruan egindako hausnarketak kartulinetan idatzi zituen eta “termometro” batzuetan 1etik 10era bitarteko zenbaki bat jarri zuten multzo bakoitzarekiko, Euskal Herrian (eta bereziki Gipuzkoan) zein puntutan gauden baloratzeko.

Hainbat ideia errepikatu egin ziren talde-eztabaidan; esaterako, lan produktiboa zalantzan jarri eta erreproduktiboari leku gehiago emateko beharra. Kapitalismoak gurutzatu egiten gaituela aitortu eta horrek eragiten dizkigun kontraesanen inguruan solastu ginen. Izan ere, lan produktiboa alboratuz gero, nola lortuko dugu bideragarriak izatea? Eta lan produktiboan zentratuz gero, non geratzen da bizigarritasuna?

Zalantza partekatu horiek “zamatsuak” direla esan zuen talde-ordezkari batek, baina ahizpatasun giroa areagotu zutela aldi berean. “Gaur ulertuak sentitu gara”, zioen partaide batek bere lantaldearen izenean, “bizitza-egitura antzeko batean arrantzatzen ari gara denok, eta batzuetan ez-ulertuak sentitzen gara gizartean, baina gaur ikusi dut ez gaudela bakarrik”.

Diruaren zentralitateak kapitalismotik urruntzeko zailtasunak eragiten baditu ere, talde batzuek praktika ez-kapitalistak proposatu zituzten. “Gure artean harremantzeko eta saretzeko espazioak sortu behar ditugu, Farapik gaur sortu duena bezalakoa”, aipatu zuen kooperatibakide batek: “kapitalismoak eragiten duen lehiakortasuna gainditzeko, esaterako, prezioak adostu genitzake”.

Eredu maskulinoetatik ihes egitearekin lotu zuten ideia hori beste talde batetik: “Sektore maskulinizatuetan, bereziki, bertako lan egiteko erak erreproduzitzen ditugu eta hori akatsa bezala identifikatu dugu taldean; gure egiteko erari, estiloari eta filosofiari balioa eman behar diegu aldaketa ekartzeko sektore hauetara”. Hain zuzen ere, topaketa ez-mistoa izan zen, iritziak zintzotasunez eta espazio seguru batean partekatu ahal izateko, baldintzatuta sentitu gabe.

 

Txikiak gara, baina badugu eragiteko gaitasuna

Kooperatiba feministok gizartean eragiteko dugun gaitasunaz solastu ginen azkenik. “Kanpora begira indar gehiago daukagu, gure diskurtsoari garrantzia ematen diogulako, baina barnera begira, eguneroko antolaketan, gehiago kostatzen zaigu”, hausnartu zuen partaide batek. Eraginaren dimentsioaz ere aritu ginen: “Sistema ekonomiko guztia kontuan hartuta, kooperatibok oso botere txikia dugu, merkatuan tamaina txikikoak garelako”, aipatu zuen beste batek. Kooperatibok gure inguru hurbilean eragiteko gaitasuna dugula ondorioztatu genuen, baina haratago eragiteko elkarlana sustatzeko beharra dagoela.

Mugimendu feministarekin eta mugimendu sozialekin aliantzak sortzearen garrantzia aipatu zuen talde batek, baina honako galdera jaurti zuen aldi berean: “Desadostasun puntu bat izan dugu eztabaida honetan, izan ere, eragitea edota eraldaketa bultzatzea ez ote da erakundeen eginbeharra? Guk praktika feministak bultzatzen ditugu gure baitan, baina gure helburua bestelakoa da, enpresak garelako, eta horrek murrizten du eragin sozialerako dedikatu dezakegun denbora”.

Adostu genuen kooperatibismo feminista prozesu dinamikoa dela, elkarrekin ikasten ari garela, eta teoriatik praktikara abiatzen ari garela pixkanaka, norbera bere errealitatetik.

Hausnarketa-goizari amaiera emateko, talde bakoitza mozorrotu eta antzerki labur bat egin zuen egunean hitz egindakoaren inguruan. Algarak eta umore ona izan ziren nagusi, eta errepresentazioak positibismotik egin zituzten taldeek: indarra, ilusioa, sormena, borrokarako grina, eta eraikitzeko eta aurrera egiteko gaitasuna izan ziren antzezlanen gaiak.

Poztasun hori islatuta ikusi genuen ere topaketaren balorazioan. Txalo-zaparradaz gain, partaide bakoitzak berarekin identifikatzen zituen hiru panpin aukeratu eta hiru kategoria hauek baloratu zituen lurrean zeuden koloretako marretan: giroa, parte hartzeko aukera, eta gaia lantzen jarraitzeko interesa. Hiru eremutan goialdean pilatu ziren panpinak, beraz, halako espazioak beharrezkoak direla ikusi dugu, eta topaketa hau lehenengo urratsa besterik ez da izango Gipuzkoako eta Euskal Herriko kooperatibismo feminista eraikitzeko. Eskerrik asko parte hartu zenuten guztiei!