LANDAOLArekin elkarlanean, Landa emakumeak gara ekimenean parte hartu du Farapik. LANDAOLA Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteek osatzen duten Federazioa da, eta egitasmo honen bitartez, landa emakumeek landa inguruko bizitzan eta garapen iraunkorrean duten rola balioan jarri nahi da. Abiapuntu moduan, "landa emakumeak eta bizikidetza" gaiari lotuta, irudi grafikoen (argazki, marrazki, irudi, collage…) lehiaketa bat antolatu genuen 2021an. Honen bitartez, emakume ezberdinen arteko espazio partekatu bat sortu da, emakumeen arteko parte-hartze, partekatze, sormena, elkarrizketa eta ikaskuntza sustatuz.
Aipatu bezala, Landaolatik sustatu zen ekimena, Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legean jasotzen diren helburuen artean dauden emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna, genero ikuspegia eta emakumeen ahalduntzea txertatzeko helburuak jarraituz. Emakumeek giltzarrizko rola betetzen dute landa ingurunearen bizitzan eta bere garapen iraunkorrean eta azken urteotan kolektibo horrek landa-garapenean duen protagonismoa aldarrikatu da. Horrela, gure herri eta auzoetako landa emakumeek beren aitorpen pertsonala eta profesionala ahalbideratuko dituzten formulak behar dira eta Landaolatik, bide honetan urratsak ematen hastearen aldeko apustua egin da.
Konpromiso horren erakusle, “Landa Emakumeak Gara” ekimena aurkeztu genuen, landa eremuko emakumeen arteko elkar-ezagutza eta saretzea sustatzeko asmoz, emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektibo prozesuan beste katebegi bat sortu nahian. Ekimen hori aurkezteko webgune bat ere sortu zen, eta proiektu horren lehen urrats bezala, sormen lehiaketa bat antolatu zen, “landa emakumeak eta bizikidetza” gaia ardatz hartuta. Honen bidez, Gipuzkoako emakume ezberdinak landa eremuaren, bertako emakumeen eta bizikidetzaren inguruan hausnartzera bultzatu nahi izan genituen.