Entre manos

Zaintzak ikusarazteko ibilbidea egin dute Zegaman Martxoaren 8an

Martxoaren 8an, Zegamako emakume taldeak zaintzaren ibilbidea antolatu zuen. Farapiren bidelaguntzarekin egindako lanketatik abiatuta, herriko zaintzaren mapa osatu dute eta horretan oinarrituta antolatu dute ibilbidea. Helburua herriko zaintza lanak aitortzea eta jada badituzten zaintza gune eta ekimenak ikusaraztea izan da.

Hamabi gune identifikatu dituzte: udaletxea, liburutegia, plaza, osasun zentroa, eguneko zentroa, herriko merkataritza, farmazia, parlamentua, frontoia, gaztelekua, jubilatuak eta paseorako elkartzen direnak. Sei geldialdi izan ditu ibilbideak hori guztia azaltzeko, eta geldiune bakoitzean ekintza ezberdin bat egin dute. Esaterako, abiatu aurretik, bertso bat abestu zuten Udaletxearen parean. Hala jaso du Goierriko hitzak.

 

 

Zaintzen haritik tiraka

 

Ibilbide hori ez da ekimen isolatu bat izan, prozesu luze baten emaitza baizik. 2023an zaintza diagnostikoa egin zuten Zegaman, Farapiren aholkularitzarekin, eta bertan hainbat erronka identifikatu zituen herriak. Erronka horiei ahalik eta egokien erantzuteko asmoz, aurrera begirako lan-ildo posibleak proposatu genituen:

–    Zaintza lanak ikusarazi eta haien balioa aitortzeko neurriak.

–    Autonomia iraunarazi eta mendekotasunaren prebentzioa bultzatu duten neurriak.

–    Zaintza zerbitzu publikoak hobetzea.

–    Zaintza langileen lan-eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak.

 

Hala, 2024-2025 ikasturtean bi lan-talde sortu dira ildo horiei ekiteko. Alde batetik, emakume taldearekin zaintzak ikusarazteko eta balioan jartzeko saioak antolatu ditugu. Lehenik eta behin, zaintzen inguruko hausnarketa egiten hasi ginen, emakumeon eta herriko errealitatetik. Gogoeta horietatik abiatuta, zaintzak ikusarazteko ekimen bat egitea proposatu genuen, eta hala jaio zen ibilbide bat antolatzeko ideia. Ekintza txiki gisa hasi zen antolaketa, eta azkenean Martxoaren 8ko egitarauaren ekintza garrantzitsuenetako bat bilakatu da.

 

Bestetik, adinekoen taldearekin autonomia iraunaraztean eta mendekotasunaren prebentzioan zentratu ginen. Talde honek zahartzarorako prestatzeko eskuorri bat sortu zuen. Bertan, zahartu ahala hausnartu beharreko gaiak zehazten dira, eta herriko eta eskualdeko baliabideen berri ematen da. Gainera, Adinekoen Zaintza Mahaia diseinatu zuten Udalarekin eta Farapirekin batera. Mahai honen helburua da koordinazio espazio bat sortzea herrian, adinekoen beharrei erantuzteko eta elkarrekin ekintza zehatzak proposatzeko eta bideratzeko. Besteak beste, adineko herritarrek, herriko eragileek eta Udal langileek parte hartuko dute mahai horretan.

 

Talde bakoitzak independenteki lan egin badu ere, saio bateratu bat egin genuen elkarri egindako lanaren berri emateko eta lanketen emaitzak aurkezteko. Martxa onean ari dira Zegaman zaintzen erronkei erantzuten!

 

 

Azaleko irudia: Goierriko Hitza.