Genero arteko rol banaketa gizarteko alor guztietan agerikoa den heinean, partaidetzan ere gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak argi ikusten ditugu. Izan ere, prozesu edota talde bat parte hartzailea izateak, kopuruetan parekidea izanik ere, ez du bermatzen pertsona guztien parte hartzea bermatua egongo denik, ezta horizontala izango denik ere. Are gehiago, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunetatik haratago, bestelako diskriminazio eta pribilegio dinamikek zeharkatzen dituzte horrelako espazioak.
Horregatik, partaidetza prozesuetan genero ikuspegia zeharka lantzea ezinbestekoa da; ekitatea bermatu eta ahots guztiak kontuan hartzeko erabaki hartze guztietan. Ikuspegi honek historikoki emakumeen eta identitate baztertuen partaidetza mugatu duten oztopoak identifikatu eta gainditzeko balio digu. Ikuspegi hau aplikatzeak botere dinamikak aztertzea, espazio seguruak sortzea eta ordezkaritza orekatu eta esanguratsu bat sustatzea dakar.
Zentzu honetan, Farapitik, azken urtean udal eremuko partaidetza espazioetan genero ikuspegia lantzeko prozesu batean murgilduta egon gara. Horretarako, lehenik eta behin, diagnostiko eta behaketa bat jarri dugu martxan; izan ere, ikuspegi hau txertatzeko lehen urratsa partaidetzan egon daitezkeen oztopoak eta dinamikak identifikatzea baita.
Kasu honetan, behaketa parte hartzailea tresna gakoa da taldeen dinamikak aztertu eta genero ezberdintasunak identifikatzeko. Funtsean, gertuko ikuspegi batetik, espazio batean pertsona bakoitzak hartzen dituen rolak, dinamikak eta pertsonarteko interakzioak aztertzeko baliagarria da. Metodologia honi esker, jokabide patroi sotilak identifikatu daitezke, besteak beste: hitzartzeen maiztasuna eta iraupena, ardura eta lanen banaketa, lidergo formal eta informalen banaketa, etenaldien nolakotasuna, etab. Gainera, arau kulturalen pisua eta lurreratzea identifikatzen laguntzen digu, lengoaiaren eta gorputz adierazpenaren bitartez, besteak beste.
Gure esperientzian eta talde behaketetan oinarrituta, egitura parte-hartzaileetan generoa eta gainontzeko aldagai baztertzaileen begiradak ez baditugu integratzen, nekez lortuko dugu partaidetza erreala. Horregatik, ezinbestekoa da berdintasunean eta eraldaketan sinesten duen erakunde orok erronka honi heltzea.