Entre manos

Irakurri Farapi kooperatibaren 2023. urteko gardentasun txostena

2019an, Farapiren lan-egitura hankaz gora jarri genuen eta, ordutik, etengabeko eraldaketa prozesu batean gaude murgilduta. Gerentzia eredu tradizionala ezabatu genuen eta lan-taldeka antolatzen hasi ginen, lan-orduak murriztu genituen eta taldearen eta norbanakoen bizigarritasuna bermatzeko tresna eta mekanismoak sortzen hasi ginen.

2023. urtean bizigarritasuna eta bideragarritasuna uztartzeko erronkan murgilduta egon gara. Halaber, inguruan eragiteko dugun gaitasuna arakatzen ari garenez gero, geure kabuz sustatutako proiektuen aldeko apustuarekin jarraitu dugu.

Bost dimentsio kontuan hartuta ari gara gauzatzen eraldaketa hori: proiektua, taldea, pertsona, inguru naturala eta inguru soziala. 2023. urtearen azterketa hau, beraz, erantzunkidetasun sozialetik egiten dugu, gure pertsonatik, taldetik eta proiektutik harago bagarelako eta izan nahi dugulako.

Erabaki politikoa da zurekin gardentasunez partekatzea norekin egiten dugun lan, nondik jasotzen ditugun gure baliabide ekonomikoak eta zertan erabiltzen ditugun.

Gardentasun txosten hau egin ahala, urteko ibilbidearen aitortza egiteko aukera ere izan dugu. Harro gaude 2023an egin dugun lanaz, nahiz eta oraindik hobetzeko marjina dugula jakin badakigun. Horrek indarra eman digu eredu bizigarriarekin jarraitzeko eta erronka berriei aurre egiteko.

 

Ikusi hemen 2023. urteko gardentasun txostena:

 

Ikusi txosten interaktiboa Eskuratu PDF fitxategia