Entre manos

Matazak: Emakumeen bizipen eta memoriaz bete dira Azpeitiako kaleak

Aurkezpen horretan, geldialdi horietako lau bisitatu genituen Azpeitiako Emakumeen Txokoaren eskutik. Gainera, garbitokian egindako etenaldian, Nafarroako Lore More antzerki taldearen “Trapu zikinak” antzezlanaz gozatu genuen. Amaitzeko, prozesuan parte hartu duten emakumeei omenaldia egin zitzaien eta benetan hunkigarria izan zen.

Ibilaldia emakumeen memorian zehar

Azpeitiako emakumeen memoria berreskuratzeko ibilbide hau bederatzi geldialdik osatzen dute. Horietako bakoitzean, bisitariek Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzaileak egindako informazio-panelak topatuko dituzte QR kode batekin. Kode hori mugikorrarekin irakurriz gero, kokaleku horretan emakumeek bizitako istorioak entzun ahal izango dituzte.

Hauek dira “Matazak” ibilbideko geldiuneetan lantzen diren gaiak: 1) ikastolako andereñoak eta auzo eskolak; 2) alpargaterak; 3) neskametza eta zerbitzariak; 4) emakume baserritarrak; 5) dendariak; 6) telefonikako langileak; 7) antzerkia eta dantza/kulturgintza; 8) lixiberak; eta 9) politikagintza.

Ainara Azpiazu “Axpi” marrazkilariak edertu ditu emakumeen bizipenak.

Mataza askatzen hasi zen unea

2021ean, Azpeitiako Udaleko Parekidetasun Sailarekin eta Emakumeen Txokoarekin elkarlanean, Farapik emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko saioak bidelagundu zituen. Hor hasi zen emakume azpeitiarren ahotsak entzunarazteko zegoen beharraren mataza-haritik tiraka.

Saio horietan, hainbat emakume azpeitiarrez osatutako talde batekin aritu ginen lanketa egiten eta elkarrekin haientzako Azpeitiako tokiak identifikatzen. Farapin uste dugu emaitzaz harago prozesua ere garrantzitsua dela eta, horregatik, saio horiek elkarlanerako eta elkarezagutzarako espazio gisa baliatu genituen ere.

Talde ederra osatu genuen eta, Azpeitiako emakumeentzat garrantzitsuak izan diren espazioak berreskuratzeko ariketa egiteaz gain, kolektiboki ahalduntzeko espazio bat izatea ere bilatu genuen. Ezagutza herrikoiak balioan jartzea eta emakumeek herrian egindako ekarpenak aitortzea eta eskertzea.

Beste behin, prozesua dinamizatzeko asmoarekin iritsi eta partaideengandik irakaspenez beterik irten ginen handik. Bagenekien hala izango zela, Segurako herrian antzeko prozesua egin genuenean barruak mugitu zitzaizkigulako.

Halako prozesuak bidelaguntzen ditugunean, uste dugu guk ere gure ekarpen xumea egiten dugula Euskal Herriko emakumeon memoria historikoaren mataza deskorapilatzeko erronkan.

Emakumeek memoria eraikitzeko lan-saioa Emakumeen Txokoan, 2021 urtean.