2021eko irailean herritarrez osatutako taldea eratzen hasi ginen, eta energia komunitateak zer diren ulertu eta energia berriztagarrien inguruko ezagutza hedatu eta ahalduntzeko prozesua abiatu genuen.
Horren ondoren, inguruko beste esperientzia batzuk inspirazio moduan hartuz, Errenteriako errealitatera egokitutako Energia Komunitatea nolakoa izango zen definitzen hasi ginen. Besteak beste, honako galderak bota genituen taldean: Zein helburu izango ditugu? Zer jarduera egingo ditugu energia berriztagarrien esparruan? Nola antolatuko gara? Nola gerturatuko gara gainontzeko herritarrengana?
Hogei herritar inguruk osatutako taldea galdera horien inguruan arakatzen ibili da azken urtean zehar, eta laster Errenteriako Energia Komunitatea errealitate bihurtuko dela espero dugu. Bitartean, ekimen honen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute oreretarrek irailaren 29an, Asteklimaren baitan antolatuko den “Energia Komunitateen esperientzia praktikoak” hitzaldi irekian. Bertan, orain arte egindako ibilbidea eta etorkizunerako urratsak azalduko ditu taldeak, eta Hernani eta Azpeitiako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango dute.