Trabajos realizados

HARIZ-HARI SORGINDU HADI! SEGURAKO EMAKUMEEN HISTORIA BERRESKURATZEKO IBILBIDE HISTORIKO-TURISTIKOAREN UNITATE DIDAKTIKOEN SORRERA PROZESUA


LABURREAN:

Proiektuaren izena: "Hariz-hariz sorgindu hadi!" Segurako emakumeen historia berreskuratzeko ibilbide historiko-turistikoaren unitate didaktioen sorrera prozesua

Norekin elkarlanean: Segurako Udaleko Parekidetasun Saila

Proiektuaren urtea: 2021, 2022


'Hariz-hari sorgindu hadi!' emakumeen ahalduntzea eta gizarteari egindako ekarpena balioan jartzera bideratutako proiektua da. Ahalduntzeari begira, helburu bikoitza izan du: alde batetik, Segurako hainbat emakumez osatutako lan-taldea sortu da eta haien arteko elkarlana eta elkarezagutza sustatu dira. Bestetik, lan-talde hau oinarri izanda, Segurako historian garrantzitsuak izan diren emakumeak eta espazioak berreskuratzeko ibilbide historiko-turistiko eta pedagogiko bat osatu da. Besteak beste, honako emakumeen lana aitortzen du proiektuak: zesterian lan egin zuten emakumeei, Txanbolipen pelotan jolasten zuten neskatoei edota herriko emaginei.

Segurako emakume talde baten eskutik, Segurako historian emakumeentzako garrantzitsuak izan diren espazioak berreskuratzeko abiatu zen proiektua. Apustu ausarta izan zen, memoria genero ikuspegitik aztertzeaz harago, prozesu hau metodologia parte-hartzaileak erabili zirelako, emakumeak prozesuaren eragile eta protagonista bilakatu. Lanketa partehartzaileak beste helburu batzuk ere bilatzen zituen, hala nola, memoria historiko honen lanketan emakumeak subjektu aktibo izatea eta, hala, emakumeen saretzea eta ahalduntzea ere bultzatuz. Farapi Kooperatiba bidelagun izan da prozesu horretan zehar, emakumeen partaidetza bermatuko zuten saioak dinamizatuz eta bertan landutakoa jasoz.

Proiektu honen bidez Segurako historian emakumeentzako garrantzitsuak izan ziren istorio eta espazioak berreskuratu ziren haiekin, zazpi geldialdiko ibilbide historiko bat eginez. Geldialdi bakoitzean “toki” horiei esanahi berriak eman zitzaizkien eta hauen lanketarako materialak osatu ziren.

Ibilbidea osatu eta herritarren artean aurkeztu ondoren, ibilbide horri balioa eta zabalkunde handiagoa emateko asmoarekin, haurrentzako egokitzeko apustua egin zuen Segurako Udalak. Horretarako, ibilbidea 5-12 urte bitarteko haurrentzat egokitzeko unitate didaktikoak sortu zituzten.

Ibilbidearen sorreran egin bezala, ibilbidearen egokitzapen prozesu hau ere, ikuspegi feminista, emakumeen ahalduntzea eta partaidetza prozesu bidez egin behar zela agerikoa zen. Hala, hasierako prozesu hartan parte hartu zuten herriko emakume batzuk eta gerora batu diren beste batzuk osatutako talde bat eratu zen eta berau izanda da ibilbideko geldialdiak unitate didaktiko batera egokitzeko prozesua gidatu duena.

Hainbat lan-saiotan geldialdiz-geldialdi edukiak 5-12 urte bitarteko haurrentzako egokitu ziren. Edukia era erraz eta dinamiko batera egokituz, eta hauek lantzeko jolas eta ariketak proposatuz.

Erdi Aroko Segurako neskatxa den Marigorri pertsonaiaren eskutik, Segurako beste emakume batzuk ezagutzen joango gara eta bere jakin-minak zein jarrera “zirikatzaileak”, hainbat gairen inguruan hausnartu eta ikuspegi kritiko bat garatzera animatuko gaitu.

Hainbat material ere sortu ziren ibilbide hau laguntzeko, hala nola, ibilbidearen pasaporte bat, eta geldialdi bakoitzeko dinamika eta jolasak egiteko material sorta bat ere.

Gerora, hau herriko irakasle ezberdinek kontrastatu zen, baita Segurako ikastetxeko ikasleekin probatu ere.