Egindako Lanak

ZUMEAK: 60 urtetik gorako pertsonen harreman eta bakardadeen bizipenak, partaidetza eta argazkilaritzaren bitartez

Donostiako udaleko Osasuna sustatzeko arloak sustatuko proiektua da honako hau, eta adineko pertsonek bakardadeak eta harremanak bizitzeko erak partekatu, hauen hausnarketa kritikoa egin eta eragile publikoekin elkarlanerako ildoak jorratzeko helburuak ditu. Aktibo osasuntsuetan jartzen du fokua, eta pertsonek eta komunitateek gure osasunean eragiteko dugun gaitasunaren kontzientzia hartu eta ahalduntze kolektiboa bilatzen du.

Horretarako, Fotoahotsa metodologia berritzailean oinarritzen da. Ikerketa-Ekintza-Partehartzailearen (IEPH) baitan kokatzen den metodologia da, eta argazkilaritzaren bitartez, herritarrek haien errealitateak islatu eta hauen lanketa kritikoa egiten dute, eraldaketa sozialerako bide moduan.

Proiektu hau Altzan gauzatu da, eta 60 urtetik gorako eta perfil anitzeko 6 pertsonek hartu dute parte. Haietako bakoitzak bere harremanak eta bakardadea bizitzeko errealitateak, momentuak, beharrak, gogoak… islatu ditu egunerokotasuneko argazkien bitartez, eta talde hausnarketen bitartez, esperientziak partekatu eta ondorio komunetara iritsi gara. Prozesu aberatsa eta askatzailea izan da.

Corononavirusak eragindako krisiak ez digu utzi proiektua amaitzen, eta ondorioak lantzea, eragile publikoentzako gomendioak adostea eta aurkezpen publikoa egin gabe gelditu dira. Hala ere, egindako lanketa balio handikoa eta oso inspiratzailea dela ikusirik, emaitzen dokumentua partekatzen dugu, eta lanketa hau etorkizunean jarraituko dugula espero dugu.