Ezinbestekoa dugu tarteka gure egunerokotasuneko lanetik burua altxatu eta aurrera begira nola jarraitu nahi dugun hausnartzeko tarte bat hartzea. Ezinbesteko dugu ze egeoeratan aurkitzen garen aztertu eta ze norabide jarraitu nahi dugun guztion artean hausnartu, eztabaidatu eta martxan jarraitzeko beharrezko ditugun adostasunetara iristea. Ildo honi jarraituz, gogoeta estrategikorako partaidetza prozesu bat dinamizatu eta bidelagun lanak egin ditugu Euskaltzaleen Topagunean.
Ekosistema konplexua eta lan talde handia direnez gero, gune eta ikuspegi ezberdinen ahotsa jasotzeko saiakera berezia egin da partaidetza eta eraikuntza kolektiboaren ikuspegia jarraituz. Prozesuaren momentu batzuetan, Topagunearen lan taldeko kide jakin batzuek hartu dute parte, guztiak funtzio eta perfil ezberdinetakoak. Beste momentu batzuetan, berriz, Topagunearen parte diren beste hainbat elkarte bazkideetako kideak ere egon dira, jende andana bilduz.
Prozesuak eztabaida sakonak, buru-eragite ugari eta irakaspen asko eman dizkigu guztioi: ikasketa prozesu aberatsa izan da zalantzarik gabe. Adostasunetara heldu eta zenbait erabaki ere hartu dira, eta abiatu den eraldaketa prozesuak jarraipena izango duelaren zalantzarik ez dugu, Topagunean horretarako sobera indar eta kemen badutela argi utzi digutelako.
COVID 19ak eragindako egoera berezi honek, ziurrenik, erronka berriak plazaraziko ditu hemen eta jendarte osoan. Egoera honek eta bertara egokitzeko beharrak argi erakusten digu zeinen garrantzitsua den modu estrategikoan pentsatzen jarraitzea eta guzti hau modu kolektiboan egitea.