2006an, Farapik "Gipuzkoan bakarrik bizi diren adinekoen beharrak" ikerketa egin zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuarentzat. Ikerketa horren helburu nagusia zen bakarrik bizi eta isolamendu sozial egoeran edo honen arriskuan egon zitezkeen adineko pertsonen egoerak hobeto ezagutzea. Metodologikoki, lan etnografikoan oinarritu ginen, lan dokumental eta estatistikoarekin uztartuz.
Azterketa honetan, gizarte-isolamenduan eragiten duten arrisku-faktoreei erreparatu zitzaien; aldi berean, egoera hauen aurrean gizarte-zerbitzuek ematen dituzten eta eman ditzaketen erantzunetan ere jarri zen arreta (harreman premien arreta, sozializaziorako esparruak eta jarduerak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, eguneko zentroak, etxebizitzaren irisgarritasunerako laguntzak, garraioa…).
Ikerketa hau argitaratu zenetik 15 urte igaro dira eta epealdi honetan, nahi gabeko bakardadearen eta adinekoen isolamendua lantzearen inguruko kontzientzia soziala handitu da, eta gaian eragiten duten faktoreetan sakontzeko eta azterketarako esparru kontzeptuala irekitzeko ahalegina egin da. Adineko pertsonen nahi gabeko bakardadea eta isolamendua gainditzea helburu duten era askotako ekimenak ere garatu dira (asistentzialak, komunitarioak, eragile soziosanitarioen arteko lankidetzak…).
Gure ustez, "Gipuzkoan bakarrik bizi diren adinekoen beharrak" (2006) azterlanaren ondorioek azterketa-oinarri bat ezarri zuten, eta oinarri hori oraindik ere baliagarria da gaia aztertzen jarraitzeko eta, horrela, aurre egin behar diegun erronkei modu berritzailean erantzun ahal izateko.