
LABURREAN:
Proiektuaren izena: Herri jauregiak: Bokazio komunitarioa duten ekipamenduen behaketa, tarteko espazioetan zentratuta
Norekin elkarlanean: Juntura kooperatiba
Diruz lagunduta: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Etorkizuna eraikiz’ deialdia
Proiektuaren urtea: Abian
Nolakoak izan behar dira herritar guztientzako herri eta hiri bizigarriak? Gero eta gehiago gara hirigintza eta arkitektura komunitategintzara bideratu nahi dugunok: feminismotik, ekologismotik, erronka sozial anitzetatik… Sarritan, espazio publikoaz ari garenean, kanpo espazioetan jartzen dugu arreta (parkeak, kaleak…), eta ez hainbeste ekipamendu publikoetan. Proiektu honen bitartez, teilatupean dauden espazio publikoetan jarri nahi dugu arreta, eta, noski, horiek eraldatzeko gakoak identifikatu nahi ditugu.
Zein ezaugarri izan behar ditu bokazio komunitarioa duen ekipamendu batek? Zein amets kolektibizatzen lagundu ditzakete ekipamendu publikoek? Zerk sentiarazten digu ongi-etorriak garela liburutegi batean? Nola diseinatu behar dira Emakumeen Etxeak emakume anitzen arteko elkar-ekintzak indartzen lagundu ditzaten? Soziologian eta komunitategintzan aditua den Oscar Rebolloren hitzetan: Zer izan beharko luke ekipamendu batek banaka sartu eta launaka irten gaitezen?
Erakargarria bezain konplexua da esku artean dugun erronka. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz diru-laguntzaren bitartez garatzen ari gara, Juntura kooperatibarekin elkarlanean. Dagoeneko, gaian kokatzeko, zenbait aditu elkarrizketatu ditugu. Egun, behaketarako espazioak baloratzen ari gara; izan ere, proiektu honen muina behaketa parte-hartzailea izango da. Egunerokoan erabiltzaileek ekipamendu komunitarioak nola erabiltzen dituzten eta nola erabili ditzaketen tokian aztertu beharra dugu; behatu, aztertu, entzun, usaindu.
Emaitzak 2025eko udan partekatuko ditugu.