Eskuartean

Zaintzak erdigunean jartzeko erronkari heldu diote Zumaiako Basadi auzoan

Nolakoa litzateke zaintzak erdigunean dituen Basadi? Prozesu kolektibo baten bidez, auzoan zaintzari lotutako beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko bideak asmatu nahi dituzte Zumaiako Basadi auzoan. Elkarrekin, zaintza eredu berri bat martxan jartzeko oinarriak jarriko dituzte, Farapiren bidelaguntzarekin. Atzo arratsaldean, Basadiko bizilagun eta komertzioekin batera, prozesu honen lehen urratsa aurkeztu zuten Zumaiako mugimendu feministak eta emakumeen etxeak.

Lehen urratsa: Galdetegia bete

Basadiko bizilaguna bazara, etxean jasoko duzun galdetegia bete eta komertzio hauetan kokatutako postontzietara bota dezakezu: Estutxo taberna, Juanjo Larrañaga harategia, Txorro fruteria, Larraitz ile-apaindegia, Malen Etxearen egoitza, Txoko okindegia, Arraindegia, Idoia mertzeria, Rakel Estetika eta Estankoa.

Online ere bete dezakezu: labur.eus/zaintzabasadi

Urtarriletik aurrera: Partehartze saioak

Urte berriarekin batera aurrez aurre elkartzeko aukera izango dugu. Farapik diseinatutako eta dinamizatutako saioetan, elkarrekin hausnartu eta erantzuna bilatuko diegu galdera hauei: Basadi zaintzen duen auzoa da? Basadin gure zaintza beharrak asetuta ditugu? Nola nahi dugu zainduak izatea? Eta nola nahi dugu zaintzea?

Zorionak Basadi auzoari zaintzak erdigunean jartzeko erronkari tinko heltzeagatik. Hastera goaz!