Eskuartean

Beñat Iturrioz Perez (Bira Produkzioak): “Beste gizarte eredu bat nahi badugu, barrutik hasi behar dugu”

Ikus-entzunezkoetan autonomo gisa lan egiten zuen lagun talde batean du jatorria Bira Produkzioak kooperatibak. Kideen artean indarrak, ezagutzak eta animoak batu eta kooperatiba sortzea erabaki zuten eta hala sortu zen Bira Produkzioak.

Hiru kiderekin hasi zen eta gaur egun bost kidek osatzen dute kooperatiba. Denetariko ikus-entzunezko lanak egiten dituzte, ekonomia sozial eraldatzailea ardatz. Azken urteotan, kanpo-lan horrekin koherentea izango den barne-egituran eta antolaketan murgilduta daude. Horretarako hainbat prozesu abiatu dituzte Farapiren bidelaguntzarekin: bizigarritasuna eta bideragarritasuna uztartzea, edota ikuspegi feminista txertatzea, besteak beste.

Horretaz guztiaz hitz egiteko Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkera gerturatu gara, haien etxera, eta bertan egin digu harrera Beñat Iturrioz Perezek, Bira Produkzioak-eko kideak.

***

Dokumentalak, bideoklipak, animazioak… Denetariko ikus-entzunezko lanak egiten dituzue, baina gutxik ezagutzen dute barne-mailan egiten ari zareten lana. Lanaren kalitate teknikoaz gain, lan-talde konprometitua zarete, eta ekonomia sozial eraldatzailetik ekiten duzue. Nola sortu zen gauzak beste modu batean egiteko grin hori?

Lehen gutako bakoitzak autonomo gisa lan egiten genuen, eta taldean lan egitea planteatu genuenean, argi izan genuen hasieratik kooperatiba formatuan egin nahi genuela. Horretarako, Koopfabrikaren bigarren edizioan parte hartu genuen.

Koopfabrikan parte hartzen duzunean, eraldaketarako hazi bat sortzen da. Ekonomia, lana eta komunitatea beste era batean ulertzeko eta zure proiektua sortzeko aukera duzu bertan. Orduan hasi ginen ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan lanean, eta ordutik ari gara teoria hori gure lanean lurreratzen.

Olatukoop sarean gaude orain, eta saretzeak kontzienteago egin gaitu komunitateak eta ekonomia sozial eraldatzaileak duten garrantziaz. Hausnarketa batekin hasten zarenean, hausnartzeko beste hamaika ate irekitzen zaizkizu. Nolabait, liburu bat irakurtzen duzunean bezala: bibliografia begiratzen duzu eta gai horri buruzko irakurketa interesgarrien zerrenda bat aurkitzen duzu. Liburu batetik abiatzen zara eta beste hamaika liburu topatzen dituzu.

Gure kasuan, aberastasuna bilatu beharrean, lana era duinean egiteko modu bat bilatzen dugu. Helburua gizartea eraldatzea eta tokian eragitea da, eta ikus-entzunezkoetan lan egiten dugunok rol garrantzitsua dugu horretarako. Zure esku dago zein mezu eta balore transmititzen diren. Gure ekoizpenen bidez iruditeria kolektiboan eragiteko boterea dugu eta beraz arreta berezia jarri behar dugu transmititzen ditugun baloreetan.

 

Aberastasuna bilatu beharrean, lana era duinean egiteko modu bat bilatzen dugu.

 

Egin zenuten lehenengo barne-prozesuetako bat ‘Erakide’ tresnaren aplikazioa izan zen. Zergatik erabaki zenuten erantzunkidetasun soziala lantzea?

Koopfabrika egin eta gero, urte batzuk eman genituen Hernaniko Iturola espazioan. Garrantzitsua izan zen bertan egotea, ekonomia sozialaren bueltan lan egiten zuten eragileen elkarlan-gune bat delako. Azken finean, alor horretan dauden eragileekin harremana egiten duzu eta elkar kontagiatzen zara. Hala ezagutu genuen ‘Erakide’ tresna.

‘Erakide’ aplikatzeko prozesua egin genuenean, erantzunkidetasun soziala bultzatzeko hainbat gai identifikatu genituen eta horiek lantzen ibili gara azken urteotan. ‘Erakide’ tresnak aurretik genituen susmoak konfirmatu zizkigun; eraldatzeko eta hobetzeko esparruak genituela, alegia. Orain, egiturari eragiten dion prozesuren bat egiten saiatzen gara urtero, uste dugulako, kanpora begira egiten dugun lanaz gain, barrura begira egiten duguna ere garrantzitsua dela.

Ikus-entzunezkoen sektorea prekarizatua eta esplotatua den arren, gauzak beste modu batean egiteko aukerak bilatzen ari gara. Egiten ari garen lan horrek, agian, ikus-entzunezkoetan beste lan-eredu batzuk abiatzeko balio dezake hemendik urte batzuetara.

Bira Produkzioak-eko taldea, ezkerretik eskuinera: Leire, Mikel, Eñaut, Oskarbi eta Beñat.

 

Urtero gai bati heltzeko erronka horren baitan, zuen lan egiteko modua eraldatzeko barne-prozesu bat abiatu zenuten Farapirekin. Zein beharretatik abiatu zen hori?

‘Erakide’ tresnaren aplikaziorekin hasi ginen Farapirekin elkarlanean, eta ordutik beste hainbat barne-prozesu egin ditugu elkarrekin. Kooperatiba sortu geunenetik, gure kezketako bat izan da bideragarritasunaren eta bizigarritasunaren arteko oreka mantentzea, eta horrekin hasi ginen lehenbizi.

Lana ez aurreikusteak estres egoeretara eramaten gintuen, eta ahal genuena baino lan gehiago onartzen genuen. Orduak erregistratzen hasi ginen, baina beti atzera begirako irakurketa egiten genuen. Amaitutako proiektuetan izandako gehiegizko lan-kargak aztertzen genituen, baina ez genuen aurrera begirako lanketarik egiten, eta berriz berdina gertatzen zitzaigun. Farapirekin prozesua egitea izugarrizko laguntza izan zen.

Besteak beste, lan-kargak aurreikusteko tresna bat landu dugu Farapirekin. Tresna horri ‘Palantir’ deitzen diogu, Eraztunen Jaunaren pelikulan agertzen den kristalezko bola bezala, etorkizuna ikusten uzten dizun zerbait delako. Hasieran denbora asko dedikatu behar izan genion, martxa hartu arte, baina barneratzen duzunean, martxa hartzen diozu. Lana bizigarriagoa izaten laguntzen dizu eta lan-kargak orekatzeko balio du, beraz, merezi du ahaleginak.

Aurreikuspenen lanketa egiteak laguntzen dizu lana lasaiago eramaten, jakiten zenbateko lana izango duzun, proiektu berriak onartu ditzakezun ala ez… Horri esker, atzera begirako irakurketak ere askoz zehatzagoak dira; amaieran balorazio bat egin dezakezu eta ondorio horiek hurrengo aurreikuspenetan kontuan izan ditzakezu. Farapiren laguntzarekin egin dugun hausnarketa-prozesua eta sortu dugun aurreikuspen-tresna oso erabilgarria izan da, eta geroztik lagun askori gomendatu diogu.

 

Lan-kargak aurreikusteko tresna bat landu dugu Farapirekin. Tresna horri ‘Palantir’ deitzen diogu, Eraztunen Jaunaren pelikulan agertzen den kristalezko bola bezala, etorkizuna ikusten uzten dizun zerbait delako.

 

‘Palantir’ tresnaz gain, bideragarritasuna eta bizigarritasuna uztartzeko eta lana antolatzeko beste mekanismo batzuk garatu genituen elkarrekin.

Hori da, bai. Bizigarritasunaz gain, bideragarritasun ekonomikoa ere landu genuen Farapiren laguntzarekin. Aurrekontuak egiteko tresna bat sortu genuen; aurrekontu bat egiterako garaian, kontuan hartu beharreko gauza asko daude, eta garrantzitsua da horretan erreparatzea, autoesplotazioan ez erortzeko.

Horrekin batera, kontabilitatea eramateko tresna ere garatu genuen, eta iristen zaizkigun lan-eskaintzak onartu ala ez erabakitzeko tresna bat ere sortu genuen. Taldekideon bizigarritasunaren jarraipena egiteko mekanismoak ere baditugu orain.

Gaur egun, tresna horiek erabiltzen jarraitzen dugu, batzuk besteak baino gehiago. Hasieran lan handia da egituran txertatzea, baina erabiltzen zoazen heinean automatizatu egiten dituzu.

Egiten ditugun lan erreproduktiboei erreparatzeko ere balio izan digu Farapirekin egindako prozesuak. Ordu erreproduktibo batzuk bermatzea garrantzitsua da era duinean bizi eta lan egin ahal izateko, betiere bideragarritasunarekin oreka bilatuz.

 

Barne-eraldaketarako hainbat tresna zehatz sortu ditu Bira Produkzioak-ek Farapiren bidelaguntzarekin.

 

Aurten erronka berri bati ekin diozue: Zuen lanean ikuspegi feminista txertatzeko prozesua abiatu duzue, Farapirekin elkarlanean. Nondik dator behar hori?

Berdintasun plan bat garatu nahi genuen, baina askotan plan horiek oso generikoak izaten dira eta ez dira praktikan jartzen. Orduan, benetan erabilgarria eta lurreratua izango zen zerbait egitea pentsatu genuen. Berdintasun ikuspegia modu integralean txertatu nahi genuen gure lanean, eta Farapirekin jarri ginen berriz harremanetan.

Ikuspegi feministari dagokionez, gauza batzuk argi genituen eta jada egiten genituen. Esaterako, kanpora begira, ikus-entzunezko lanetan bagenuen eskarmentua irudikario ez sexisten inguruan. Ahalegina egiten dugu irudietan estereotipoak ez erreproduzitzeko eta gizartea modu heterogeneoan islatzeko.

Baina ikuspegi feminista hori baino askoz gehiago da, eta balore feministak lan egiteko moduan ere txertatu nahi genituen. Izan ere, ikus-entzunezko lan bat, agerian, oso feminista izan daiteke, baina ondoren barrura begira autoesplotaziorako joerak eta desparekotasunak izan ditzake: soilik gizonezkoek osatutako lan-taldeak, generoa-rolak, kontratazio prekarioak, inertziak, botere-harremanak… Kanpora begiratzea bezain garrantzitsua da barrura begiratzea.

Hausnarketa moduan egin dugu prozesua Farapirekin. Ideiak ordenatu ditugu eta landu nahi ditugun gauzak lehenetsi ditugu. Gure lan-prozesuak osorik aztertu ditugu, proiektu bat hasten denetik amaitzen den arte, eta aztertu dugu fase bakoitzean zertan jarri behar dugun atentzioa. Ondoren, Leirek eta Gabrik lanketa zehatzak ekarri dizkigute identifikatutako erronken inguruan.

Farapik hori guztia lurreratzearen eta antolatzearen lagundu digu. Bestela, zuk badituzu hobetu beharreko eremuen susmoak, baina ez daude ordenatuak, eta hortxe geratzen dira; ez doaz inora.

 

Farapirekin egindako prozesuan, lan-eredu feminista sustatzeko lanketak zehatzak egin ditu Bira Produkzioak-ek.

 

Zergatik erabaki duzue hau guztia Farapirekin egitea? Zertan izan da lagungarria bidelaguntza bat izatea?

Zure kabuz hainbat kontu ‘usaintzen’ dituzu, baina norbaitek susmo horiek lurreratzen lagundu arte ez dituzu ikusten. Bidelaguntza edukitzeak erritmo bat eramatera behartzen zaitu, beste norbait ari delako ahalegina egiten zurekin. Hasieran kostatzen den harren, badakizu ematen duzun pausu bakoitza etorkizunerako hobekuntza bat dela.

Farapirengandik jasotako laguntzatik, konfiantza eta gertutasuna azpimarratuko nituzke. Gainera, ekonomia sozial eraldatzaile eta feministan murgilduta dago, eta horrek bat egiten du gure ikuspegiarekin. Ingurukoei hainbatetan gomendatu diegu Farapirekin halako prozesuak egitea, egunerokotasunak ikusten uzten ez dizun horrekin laguntzen dizulako. Sarritan ez duzu atzera begiratzeko eta hausnartzeko tarterik, eta Farapiren kanpo begirada eta zuzendaritza izatea oso lagungarria da.

Ikasi dugu garrantzitsua dela barrura begiratzea eta hausnarketa egitea, bestela denak ilaran goazelako amildegi baterantz, begiratu gabe nora goazen. Beste gizarte eredu bat eta beste balore batzuk nahi baditugu, barrutik hasi behar dugu, bestela zaila da ezer aldatzea. Kooperatiba edo enpresa gisa eragile soziopolitikoak ere izan beharko ginateke, egiten dugunak eragina duelako gizartean; ez soilik ekonomikoki, baita eredu mailan ere.  Erantzunkidetasun hori daukagu. Gizarteak sortu, hezi eta elikatu gaitu, eta hari zerbait itzultzea dagokigu.

 

Gizarteak sortu, hezi eta elikatu gaitu, eta enpresa gisa hari zerbait itzultzea dagokigu.

 

Hamaika arrazoi eman dizkiguzue dagoeneko, baina zergatik egin lan Bira Produkzioak-ekin?

Gizartearen iruditerian beste balore batzuekin eragiten saiatzen gara: ezkerrekoak, feministak, euskaltzaleak, tokikoak, inklusiboak izango diren irudikarioak eraikitzen saiatzen gara gure ikus-entzunezko lanetan.

Barrura begira ere gure lanaren duintasuna bermatuz lan egiten dugu, eta gurekin lan egiten duten horien duintasuna eta bizigarritasuna bermatzen dugu, tokian eraginez. Kontua ez da soilik zer egiten dugun, nola egiten dugun baizik.

 

***

Bira Produkzioak kooperatibak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutzeko, sartu hemen.