COVID-19ak hankaz-gora jarri zituen gure bizitzak. Itxialdiak, etengabeko arau-dantza, harremantzeko zailtasunak… Norberari ezberdin eragin zion, bere egoeraren eta errealitatearen arabera.
Gaur egun, ordea, askok ahaztu dute garai hartan gertatutakoa. Garrantzitsua da pandemian gertatutakoaren memoria ez galtzea eta bertatik atera ditugun iraskaspenak ez ahaztea. Hala, 2023an prozesu parte-hartzaile bat abiatu zen Ordizian, COVID-19aren garaian herritarrek izandako bizipenak jasotzeko eta elkarrekin herri-narratiba bat osatzeko.
Pandemian zehar egon ziren gertakari nagusiekin osatutako denbora-lerro batetik abiatuta, eztabaida taldeak sortu genituen gaiari ahalik eta ikuspegi anitzenetatik heltzeko. Osotara, zortzi hausnarketa-talde osatu genituen:
- Udal ordezkari politikoak eta zerbitzuetako langileak
- Egoera zaurgarrian zeuden pertsonak
- Gurasoak
- Boluntario sareko kideak
- ‘Stop pasaporte covid’ taldea
- COVID-19aren ondorioz larriki gaixotu, senideren bat hil edo osasun zerbitzuetako langileak
- Zaintza zerbitzuetako langileak
- Merkatari eta ostalariak
Saio horietan 62 pertsonek parte hartu zuten. Haien esperientzietatik abiatuta, dimentsio kolektibora jauzia egin genuen, Farapik bideratutako talde-dinamiken bitartez. Izan ere, herritarren bizipenak, pertsonalak badira ere, herri oso baten esperientzia kolektiboen isla ere badira.
Ordiziarrek pandemia nola bizi izan zuten ezagutzeko, herritarren bizipen eta ikuspegietara gerturatu gara, eta norbanakoak eta kolektiboak protagonista bilakatu dira.
Hainbat esparruren inguruan eztabaidatu zuten saio horietan: haurrak, gazteak, adineko jendea, zaintza lanak, prekarietatea eta lan-egoerak, osasuna, eskubide urraketak, heriotzak, komunikabideak… Norberak bere ikuspegi eta bizipenetatik hitz egin zuen, eta elkarren artean zituzten adostasun eta desadostasunak mahai-gaineratu zituzten. Hain zuzen ere, informazio-jasoketaz harago, helburua izan zen errealitate eta iritzi anitzetako jendea prozesu berean batzea, eta garai hartako gertakariei buruzko ikuspegi desberdinak aitortzea.
Saioetan hitz egindakoekin, ‘Pandemian bizi: COVID-19 garaiko narratibak Ordizian’ argitalpena osatu genuen. 2020ko martxotik, 2022ko martxora, pandemiako mugarri kronologiko nagusiak agertzen dira bertan, eta herritarren bizipen eta gogoetekin harilkatzen dira. Amaieran, arnas luzerako gogoeta eta ikaspen batzuk ere jasotzen dira.
Kokapena ahalik eta argien egiteko, COVID-19 garaiko kronologia bat jasotzen du liburuxkak. Kronologia hau, 2020ko martxoaren 9an hasten da, Eusko Jaurlaritzak Gasteiz eta Labastidako ikastetxeak ixtea iragarri zuen momentuan. 2022ko martxoaren 11n amaitzen da kontaketa, osasun zerbitzuek egoera zaurgarrian dauden COVID-19 kasuetan bakarrik jarraipena egingo zutela iragarri baitzuten. Garai hartan gertatutakoa lau epealditan antolatuta dago:
- Lehen inpaktua eta konfinamendua. 2020ko martxoaren 9tik apirilaren 28ra.
- Deseskalada eta normaltasun berria. 2020ko apirilaren 30tik abenduaren 31ra.
- Txertoen ondorengo epealdia. 2021ko urtarrilaren 1tik urriaren 5ra.
- Larrialdiaren amaiera fasea. 2021ko urriaren 6tik 2022ko martxoaren 11ra.
Gure aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu prozesuan parte hartu duten ordiziar guztiei haien eskuzabaltasunagatik, eta Ordiziako Udalari horren ariketa ausarta egiteagatik.