Eskuartean

Ezagutu ‘Auzoko ahotsak’, Donostiako Ekialdeko Barrutiko haurren parte-hartze foroa

2023. urtean Ekialdeko Barrutiko auzoetako haurren parte hartzea sustatzeko foro batzuk sortzeko prozesua martxan jarri zuen Donostiako Udalak, Farapi Kooperatibaren bidelaguntzarekin. Foroaren helburua da barrutiko haurrek haien auzoen inguruan dituzten iritzi eta proposamenak ezagutzea da.

Urte horretan, lehen lanketa bat eta saio parte-hartzaile batzuk egin ziren Altza, Bidebieta eta Intxaurrondoko ikastetxe ezberdinetako haur eta nerabe ordezkariekin. Urte horretako lanketak, honako bi helburu nagusi hauek izan zituen:

  • Batetik, testuinguruaren ezagutza eta azterketa osatzea. Honetarako, haurtxoko eta gaztelekuetan ere saio batzuk egin ziren. Barruti honetako auzoetako haur eta nerabeak ezagutu eta hauen interes eta beharrekin konektatu ahal izan genuen.
  • Bestetik, testuinguruaren ezagutza honetan oinarrituz, etorkizunera begira sortu nahi zen parte-hartze sistema eta parte-hartze foroen egitura posiblearen diseinua osatu zen. Honetarako ere saio ezberdinak egin ziren, haur eta nerabeekin ez ezik, baita udaleko, udal zerbitzuetako zein ikastetxeetako helduekin ere.

2024an, berriz, parte-hartze foro hauek martxan jarri dira (kasu honetan, haurrekin soilik) eta iazko urtean osatzen hasitako lanketari jarraipena eman zaio. Honela, iazko urtean osatutako proposamen zerrendari berriz heldu zaio, besteak beste, hau egokitu eta osatzeko. Hauek izan dira urte honetan foroak izan dituen helburu edo egiteko nagusiak:

  • Foroa martxan jarri eta finkatzea, foroarentzako izen eta irudi (edo logo) bat ere diseinatuz. “Auzoko Ahotsak!” izan zen izenik bozkatuena.
  • Forotik lantzen hasitako proposamen zerrenda egokitu, lehentasunak ezarri eta udal ordezkariei aurkeztea.

Honetarako, udal ordezkari ezberdinek parte hartu zuten aurkezpen ekitaldi bat egin zen 2024ko ekainean, udal pleno-aretoan. Foroko haur ordezkari batzuek 6 gai multzotan banatutako proposamenak oso modu finean aurkeztu zituzten egun horretan eta haurrek ahotsa hartu zuten helduen aurrean, eta “sujetu politiko aktiboak” eta “eskubide osoko hiritarrak” direla erakutsi zuten.

Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Ekialdeko Barrutiko Partaidetza Sailek, lanketa berezia egin zuten aurrez, proposamena guztiak dagozkion sailarekin landu eta hauen egingarritasun maila aztertzeko, zein erantzun eta argudiaketak prestatzeko.

Ikastetxeek ere, lanketa handia egin dute saio ezberdinetan egindako lanketak ikasle gehiagorekin partekatu, osatu eta berriz saioetara eramateko, zein aurkezpenak prestatzeko. Eragile estrategikoak izan dira prozesu osoan zehar eta konpromiso handia erakutsi dute.