Eskuartean

Herriko emakumeen beharren eta interesen inguruko parekidetasun diagnostikoa egin dute Anoetan

Aurreko urtean, parekidetasunerantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko erronkari ekin zioten Anoetan. Horretarako, diagnostiko berri bat egin dute, Farapi Kooperatibaren bidelaguntzarekin. Apirilaren 22an, diagnostiko horren emaitzak eta etorkizunerako lan-ildoak aurkeztu zituzten Udaletxean.

Diagnostikoan, parekidetasunaren inguruko erronkak identifikatu eta berdintasunean aurrera egiteko oinarrizkoak diren esku-hartze eremuak definitu dituzte. Hori guztia egiteko, metodologia partehartzaileak baliatu ditu Farapik, Udalarekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean.

Anoetako errealitate sozio-demografikoaren azterketa egiteko, estatistika erakundeak eta Udalaren datu-baseak kontsultatu ziren. Ondoren, datu horiek osatzeko eta anoetarren errealitatera gehiago hurbiltzeko asmoz, galdetegi eta elkarrizketak egin zituen Farapik.

Galdetegi horietan, udaleko arloen edota udalarekin lotura duten zerbitzuen gaineko informazio bilketa egin zen. Datu kuantitatiboak biltzeaz gain,  talde bakoitzaren dinamikak ezagutu eta genero ikuspegiaren txertaketa aztertu zen, eta galdetegiko erantzunak sakoneko elkarrizketekin uztartu ziren. Halaber, Farapik talde-elkarrizketak egin zituen Udaleko ordezkari politikoekin eta herriko talde eta eragileekin.

Anoetako emakumeengandik Anoetako emakumeentzat

Parekidetasun diagnostiko honek berezitasun bat izan du; Anoetako emakumeen errealitateak ezagutzeko fase zehatz bat, alegia. Errealitate horiek sakonean ezagutzeko asmoz, hiru lanketa-saioetan parte hartu dute herriko emakumeek.

Farapik dinamizatutako saio horietan, 16 emakumek hartu dute parte. Gainera, galdetegi baten bidez, 42 neska eta emakumeren iritziak ere jaso ditugu. Prozesu horretan, emakumeek haien beharrak partekatu eta amankomunean jarri zituzten. Horretatik abiatuta, hainbat behar identifikatu ziren:

  1. Elkar-ezagutzarako, elkar-laguntzarako eta ahalduntzerako espazio seguruak sustatzea.
  2. Aisialdi-jarduerak bultzatzea: ongizate fisiko eta emozionalari lotutakoak; kultura-eremukoak; eta kontzientzia feministaren garapenarekin zerikusia dutenak.
  3. Nerabeen artean segurtasunarekiko dagoen kezka.

Orain arte egindako lanketa bidearen hasiera besterik ez da. Identifikatutako lan-ildo eta beharrei erantzuteko lana hasiko da orain. Aurrera, Anoeta!