Mariaren Martxoak 8a: 2014 urtea
Mariarekin hasiko gara! Gogoratzen duzue 2014ko martxoaren 8an feminista talde batek "Abortu librea" oihu eginez eten zutela Rajoyren hitzaldia Donostiako Kursaalean? Bada, talde horretan zegoen gure Maria.
2014an, Rajoyren gobernuak abortatzeko eskubidea mugatzeko lege proposamena egin zuen eta, hori salatzeko asmoz, feminista talde bat jendartean nahastu eta, Rajoy hitz egiten hasi zenean, pintura gorriaz zikindu eta aldarrikapenak oihukatzen hasi ziren. Hala kontatu zuten Berria egunkarian.
Handik hilabete batzuetara, PPk egin nahi zuen abortuaren legea bertan behera geratu zen, besteak beste, Maria bezalako emakume ausartei esker. Horrela jaso zuen Argia aldizkariak.
Araitzen Martxoak 8a: Haurtzaroko oroitzapenak
Araitz farapitarrari esan genionean martxoak 8ari buruzko oroitzapen bat kontatzeko, denboran oso atzera bidaiatu zuen: Haurtzarora, alegia! Bere bizipenak erakusten du zeinen garrantzitsua den hezkuntza gizartea eraldatzeko.
Bitxikeria gisa, hona hemen Araitzek aipatzen dituen Emakunderen kartelen adibideak. Tamalez, aldarrikapen asko antzekoak dira oraindik ere.
Leireren Martxoak 8: 2020 urtea
2020 urteko martxoak 8 ekarri du gogora Leire farapitarrak. Hain zuzen ere, Ordiziako Koordinadora Feminista sortu eta elkarrekin antolatu zuten eguna.
Leirek sorreratik parte hartzen du Ordiziako Koordinadora Feministan, eta lehenengo ilaran egon zen 2020ko Martxoak 8aren aurkezpenean. Hala jaso zuen Goierriko Hitzak.
Koordinadorak egiten duen lanaren berri izan nahi baduzue, hona hemen taldearen Instagram kontua (adi, zabaldu dute jada 2023ko martxoak 8aren deialdia!): https://www.instagram.com/ordiziakokoordinadorafeminista/
Iratiren Martxoak 8a: 2018 urtea
Irati farapitarrak urteak zeramatzan militante gisa martxoak 8 ospatzen, aldarrikatzen, parte hartzen edota antolatzen, baina 2018 urtekoari dio estima berezia.
Egun hartan Euskal Herriko milaka emakumek* kaleak hartu genituen, “sistema heteropatriarkatu kapitalistari planto!” lemapean. Eta Oñatin, Iratiren herrian, ere hala egin genuen. Egun historikoa izan zen, mugarri bat feminismoarentzat.
Urtero 20-30 pertsona inguru batzetik, 1.000 pertsona inguru batzera pasa ziren 2018 urtean Oñatin. “Nik herrian bizi eta gogoratzen dudan mobilizazio jendetsuenetako bat izan zen”, gogoratzen du Iratik.