Duela 30 urte, Albiztur, Beizama, Bidania-Goiatz eta Errezil herriak Saiaz Mankomunitatea sortzeko batu ziren, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz. Ordutik, bertan dago lanean Elena Rikondo Saenz, Saiaz Mankomunitateko Gizarte langilea eta Berdintasun teknikaria. “Herri txikiak zirenez, elkartu egin ziren proposamen eta zerbitzu bateratuak eskaini ahal izateko”, dio Elenak. Gaur egun, 1.600 biztanle inguru bizi dira Mankomunitatea osatzen duten herrietan eta, herritar gutxi badira ere, berdintasunaren aldeko hamaika ekimen bultzatu dituzte.
Indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat sortzea izan da azken erronketako bat. Farapi Kooperatibaren bidelaguntzarekin, prozesu bat abiatu zuten 2021. urtean herri-mailatik indarkeria mota horri erantzuteko. Emaitzetako bat izan da herritarrez eta erakunde publikoetako ordezkariez osatutako Koordinazio Talde bat abian jartzea.
Albizturreko Udaletxean elkartu gara Elena Rikondo Saenzekin, Gipuzkoa barreneko lau herri txiki hauetan indarkeria matxistari aurre egiteko egiten ari diren lanaz hitz egiteko.
Zergatik erabaki zenuten indarkeria matxistaren gaiari heltzea? Nondik sortu zen premia hori?
2008. urtean, Emakunderen diru-laguntza bati esker diagnostiko bat egin genuen Saiaz Mankomunitatean, berdintasun gaien inguruan egoera zein zen aztertzeko, eta “oso berde” geundela ikusi genuen. Esaterako, emakumeen parte-hartzea herrian eta eremu soziopolitikoan oso urria zela identifikatu genuen, zaintza-lanetan murgilduta zeudelako. Nahiz eta gaur egun hori aldatu den, garai hartan biztanleria nahiko zaharkitua zegoen, eta emakume askok oraindik ere etxean egiten zuten lan. Egoera horrek berdintasunean aurrerapausoak ematea zailtzen zuen. Hori dela eta, 2011. urtean lehenengo Berdintasun Plana egin genuen eta emakumeentzako formakuntzak eskaintzen hasi ginen.
Jabekuntza taldeetan egindako formazioak etxetik irteteko aitzakia izan ziren emakume askorentzat. Aldi berean, krisi ekonomikoa etorri zenean, gizon asko enplegurik gabe geratu ziren, eta bat-batean emakume askok enplegu bat lortu zuten eta etxetik ateratzen hasi ziren. Ahalduntze garrantzitsua izan zen hori. Testuinguru horretan sortu zuen emakume talde batek, adibidez, Hots Atsegin zaintza kooperatiba. Gaur egun, Mankomunitateko zaintza zerbitzu publikoak kudeatzen ditu kooperatiba horrek.
Diagnostiko horretan antzeman genuen ere indarkeria matxistarekiko ezjakintasun handia zegoela. Kasu asko ezkutuan geratzen ziren, besteak beste, indarkeria-egoerak identifikatzeko zailtasunak zeudelako.
Berdintasun diagnostiko bat egin genuen eta antzeman genuen indarkeria matxistarekiko ezjakintasun handia zegoela.
Aurrerapauso handiak egin dituzue lehen diagnostiko hori egin zenutenetik. Adibidez, azken urteotan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloari ekin diozue.
Halaxe da, bai. 2019. urtean egin genuen Mankomunitateko bigarren Berdintasun Plana, eta bertan identifikatu genuen indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bat egitearen beharra. Argi genuen ez genuela inork irakurriko ez zuen “totxo” bat nahi; herritarrentzat benetan erabilgarria izango zen protokolo bat egin nahi genuen. Indarkeria matxistaren gaiarekin herritarrengana iritsi nahi genuen, haiek bereganatzeko eta benetan praktikan jarriko zuten tresna izateko.
Ikusten genuen emakume askoren oinarrizko eskubideak urratzen ari zirela, indarkeria-egoeratan murgilduta zeudelako. Mikromatxismo asko ere gertatzen ziren egunerokoan herrietan, eta hori guztia astintzeko beharra zegoen Farapi Kooperatibarekin jarri ginen harremanetan lanari ekiteko.
Nola izan zenuten Farapiren berri?
Duela urte batzuk, adinekoekin parte-hartze komunitarioaren inguruko proiektu bat egin genuen Farapirekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren barruan. Bagenekien parte-hartzeaz gain Farapik genero-berdintasuna ere lantzen zuela, eta horregatik deitu genizuen berriz. Garrantzitsua zen guretzat herritarren partaidetzan eskarmentua zuen norbaitekin egitea bidea.
2021-2022 urteetan egin genuen prozesu hori. Lau udalerrietako herritarrekin sentsibilizazio saioak eta indarkeria matxistaren inguruko oinarrizko formazio bat egiten hasi zen Farapi. Bertatik, denetariko taldetxo konprometitu bat sortzea lortu genuen: mugimendu feministako kideak, eskoletako langileak, gaian interesdunak… Eta hala hasi ginen protokoloa sortzen.
Zer egin zenuten protokoloa sortzeko prozesuan?
Aipatu dudan oinarrizko formazioaren ondoren, Farapiren laguntzarekin indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide, zerbitzu eta prozesuen ezagutza jasotzeko saioak antolatu genituen: Ertzaintzarekin, Saiaz Mankomunitateko medikuarekin, Irule Abokatuak taldearekin, Mujeres al Cuadrado elkartearekin…
Saioak beti ziren irekiak, beraz, edonor etor zitekeen edozein saioetara. Profesionalekin zuzenean hitz egiteak asko gerturatzen zaitu gaira. Oso praktikatik egindako saioak izan ziren; herritarrek aukera izan zuten ezagutzeko erakunde bakoitzaren prozedura zein den eraso baten aurrean. Salaketa prozesua nola izaten den azaldu zuten, aholkuak eman zizkieten eta inguruko errealitatea ezagutzeko aukera izan genuen. Jada ez ginen datu orokorrez ari, gure herrietako errealitateaz baizik, eta hori gakoa izan zen sentsibilizaziorako.
Saio horietako parte-hartzaileetako batzuekin Koordinazio Talde bat sortu geunen ondoren, udalekin eta Mankomunitatearekin elkarlanean.
Zer egiten du Koordinazio Talde horrek?
Koordinazio Taldearen helburua gaia bizirik mantentzen jarraitzea da. Indarkeria matxistari aurre egiteko ekimenak lantzen dira bertan eta, kasuren bat etorriz gero, harrera eta arreta egiteko prest dago taldea. Gainera, urtero gure herrietan ematen diren kasuen irakurketa egiten da hainbat erakunderen datuetan oinarrituta: Ertzaintza, gizarte zerbitzuak… Erantzuna eta babesa herri-mailatik eta komunitate gisa ematea da asmoa. Hala ere, oraindik erronka dugu horrekin, askotan gertuko istorioak izan daitezkeelako eta horrek inplikazio asko dituelako, batez ere gureak bezalako herri txikietan.
Farapiren dinamizazioaren laguntzarekin hasi ginen lanean, baina helburua Koordinazio Taldea bere kabuz jardutea da. Aurten izango da gure kabuz funtzionatuko dugun lehen urtea.
Herritarrez osaturiko Koordinazio Talde bat sortu dugu, eraso matxisten aurrean erantzuna eta babesa komunitate gisa emateko.
Prozesu horretatik abiatuta, indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko lanketa egin zenuten aurreko urtean.
Hain zuzen ere, 2022. urtearen amaieran protokoloa aurkeztu genuen eta 2023an jaien erronkari ekin genion. Ez genuen “satelite” moduan herrietako jaietara iritsi nahi proposamen batekin, inolako aurre-lanketarik egin gabe. Gure helburua zen txosnetan eta jai batzordeetan eragina izatea, eta ez soilik pegatinak eta aldarri-euskarriak banatzea. Eta, noski, berriz ere Farapiren laguntza behar genuen, jakiteko nola kokatu orain arte egindako lanketa guzti hori jaien eremuan, eta nola iritsi Koordinazio Talde horretatik harago, bestelako kolektiboetara.
Jai batzordeekin harremanetan jarri genuen Farapi, eta herri bakoitzeko jaietako eragileekin elkartu ziren bilera bat egiteko. Herri bakoitza mundu bat da, eta haien errealitatearen arabera zerk funtzionatu dezakeen aztertu behar zen banan-banan. Ez genuen kontrako efektua egitea nahi, beraz, tentuz eginiko lana izan da.
Farapik oso ondo jakin zuen nola lurreratu gaia. Entzuteko prest etorri zineten eta herrien errealitatera moldatu zineten. Parte-hartzetik eta oinarri-oinarritik hasi zineten, denok ulertzeko moduko hizkuntza batean. Hori izan zen giltza, sentsibilizatuta ez zeuden herritarrengana ere iristeko.
Errezilen, adibidez, jaietan protokoloa martxan jartzeko antolatu ziren. Tabernekin, txosnekin eta elkarteekin hitz egin genuen honen berri emateko, informazio-materialak banatzeko… Hau da, erasorik egonez gero herri bezala erantzuteko antolatu ziren errezildarrak. Bestetik, Bidania-Goiatzen jai batzordeko kideentzat bi formazio saio egin ziren.
Ibilbide luzea egin duzue eta ospatzekoa da hori! Identifikatu al dituzue etorkizunerako erronka berririk?
Berehalako erronka Koordinazio Taldea modu autonomoan kudeatzea da, zalantzarik gabe. 2024. urtean zehar hiru bilera planteatu ditugu; asko egin ordez, egiten ditugunak eraginkorrak izatea nahi dugu. Gainera, irakurketa talde bat sortzeko asmoa dugu berdintasunaren inguruko gaiak lantzeko, eta hainbat nazioarteko egunetan ekintza bereziak egitea aurreikusten dugu: Emakumeen Nazioarteko Eguna, LGTBI Harrotasunaren Eguna, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna…
Gainera, aurtengo jaietan berriz eskainiko dugu indarkeria matxistaren gaia lantzeko aukera, jendea aldatzen doalako antolaketa-taldeetan eta nahi duenak lanketan urrats bat egiteko laguntza eskaintzeko. Etorkizunean, herrietako batean gizonekin lanketa espezifiko bat egin nahiko genuke ere.
Espero dugu Koordinazio Taldea bidelagun izango dela erronka horietan, eta zubi-lanak egingo dituela gainontzeko herritarrekin. Emaitzak ikusteko irrikaz gaude!