Eskuartean

Hitz egin ezagun amatasunek kooperatibetan duten eraginaz

Gogoratzen duzu nola izan zen lehenengo amatasun iragarpena zure kooperatiban? Zer eragin zuen horrek lan-taldean? Nola bizi izan zenuten? Zein irakaspen atera zenituzten bertatik?

Artaziak eta Farapi kooperatibetako kideen arteko elkarrizketa informal batean bururatu zitzaigun amatasunek proiektu ekintzaile kooperatiboetan duten eragina aztertzea. Halaxe hitz egin ohi dugulako amatasuna eta lanaren inguruan: pasiloetan, atsedenetan… Horregatik, gaiari heltzea eta mahai gainean jartzea erabaki genuen.

Kooperatiba feminizatu eta gazteetan (25-40 urte) bereziki, ama bilakatzeak hankaz gora jarri dezake proiektua eta lantaldea. Amatasunak eta kooperatibismoa uztartzearen auzia lantzeko asmoz, azterketa-prozesu partehartzaile bat abiatu dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren sustapen eta finantzaketari esker. Hainbat kooperatiben partaidetzarekin, hiru saio antolatuko ditugu, bizipenak eta irakaspenak partekatzeko.

 

Azaroaren 24ean, lehenengo saioa egin genuen Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Helburua lehen hurbilpen bat egitea izan zen, amankomunean genituen esperientziak identifikatzeko eta horien inguruko gogoetak elkarbanatzeko.

Hitzen burrunba gorputzean

“Irakurketa gorpuztuak” izeneko ariketa batekin hasi ginen gaia lantzen. Amatasuna eta lanaren inguruko testu-sorta bat partekatu genuen eta norberak bere kabuz irakurri zituen. Ondoren, talde handian, pasarte batzuk ozen irakurri genituen eta, irakurri ahala, zer edo zerk barrenak mugituz gero, gorputzaren mugimenduen bidez adierazi genuen.

Hala zioen irakurri genuen testuetako batek:

Gela propioa edukitzeaz hitz egiten da, baina nik ez dut idazmahai propiorik ere. Egongelan lan egiten dut, sukaldean, eskolara bidean, edo tolesten denean ezkutatzen den mahai batean, tarteka egiteke dagoena ahazteko.

Gorputzak nabarmen mugitu genituen hori irakurri genuenean. Ukaezina da kooperatibak tresna paregabea izan daitezkeela zaintza-eskubideak bermatzeko. Hala eta guztiz ere, gure proiektuetan sustatzen ditugun baldintza malguek argi-itzalak sortzen dituzte: “Nire ingurukoek lan-ordutegi zurrunak dituztenez, nik askoz zaintza ardura handiagoa daukat. Nire lan-egoera pribilegiatua bada ere, desoreka handiak sortzen ditu seme-alaben zaintzan”, adierazi zuen partaide batek.

Beste kide batek hausnarketa hori zabaldu zuen: “Gauzak beste era batean egiten saiatzen gara, baina ezin zaigu ahaztu gizarte heteropatriarkal kapitalista batean gaudela. Inguru arrotz eta basati batean ari gara etengabe borrokan”.

Bereziki latza egin zitzaigun ere ‘kontziliazioa’ hitzaren definizioa irakurtzea. Hala deskribatzen du Maria Moliner hiztegiak: “Desadostasunean zeudenak adostasunean jartzea”. “Hori bada behar duguna, zeinen gaizki gauden gizarte honetan!”, esan genuen askok.

Horren harira, kontziliazioaren tranpaz hasi ginen hizketan: “Adostasun horretara heltzeko, emakumeongan jartzen da gizarte osoaren ardura den zerbait; egoerari aurre egiteko ‘partxe’ bat besterik ez da”.

Alabaina, erronka ez dago gizartean soilik; gure kooperatibetan ere asko dugu lantzeko: “Erditu aurreko egunean, ni nintzen nire bizitzaren protagonista eta, hurrengo egunean, nire bizitzatik atera nintzen. Kooperatiban ez genuen aurreikusi zaintza beharrak izango genituela (haurrenak edo bestelakoenak)”.

Ama bat dugu kooperatiban!

Ondoren, “biziografien mapa” irudikatu genuen. Norberaren lan-ibilbidean amatasunek izan duten eragina marraztu genuen denbora-lerro batean; ez soilik geureek, baizik eta gainontzekoen amatasunek ere. Paper erraldoi batean hasi ginen zirriborroak egiten eta, amaitu genuenean, pasarte ugari amankomunak zirela ikusi genuen.

Behin eta berriz aipatu genuen mugarrietako bat lehenengo amatasunaren iragarpena izan zen. Saioan geunden asko izan ginen lantaldean berria eman behar izan genuen lehenengoak, eta ez zen bizipen xamurra izan: “Hasieran sekretu bat balitz bezala tratatu nuen haurdunaldia. Zertarako esango dut, gero agian ez bada gertatzen? Mahaigaineratzeak ardura eta zama kendu zidan gainetik”, aipatu zuen norbaitek. Denok baiezkoa egin genuen buruarekin.

‘Kulpa’ hitza ere etengabe atera zen eztabaidan. Kooperatiba bakoitzak egoerari aurre egiteko neurri eta baldintzak baditu ere, proiektuarekiko dugun konpromiso eta ardurak emozionalki mugitzen gaitu: “Taldean haurdun nengoela esatea traizio gisa ikusten nuen, eta kulpa sentitu nuen… Bigarren haurdunaldiarekin are gehiago!”

“Nire sentsazioa da norberak sortzen duen drama dela, gero taldeak sostengatu egin gaituelako. Dramatik babesera pasatzen zara”, gehitu zuen partaide batek. Baina ‘drama’ hori norberaren bizipena ote da soilik? Zer nolako eragina du lantaldeko egituran eta eguneroko antolakuntzan? Saioan aipatutako beste mugarrietako bat haurdunaldiaren ondoren taldean sortutako tentsioak eta berregituratzeak izan ziren.

“Ama ez nintzenean, oso epaitzailea nintzen”, esan genuen batzuok. Zaila egin zitzaigun ulertzea ama izateak lan egiteko eskuragarritasuna murriztu zezakeela: “Haurdunaldiaren ondoren, gauza asko korapilatzen dira: nola bueltatu lanera, sortzen dituen liskarrak, korapiloak, ezulertuak… Lan-harremana aldatu egiten da”.

“Kooperatibetan harremanak onak izan behar dira egunerokotasunean funtzionatu ahal izateko, eta harremanek asko sufritu zuten zaintza beharrak iritsi zirenean”, hausnartu zuen batek: “Uste dut beste enpresetan ez dagoela horrenbesteko binkulorik, beraz, gatazka hori ez da horrenbeste sortzen. Kooperatiban, ordea, tentsioak sumatu ditut horrekin”.

Harremanez haratago, kooperatibaren funtzionamenduan eragin zuzena dute amatasunek: “Norbait haurdun geratzen denean, kudeaketa asko sortzen dira: lankide berri bat kontratatzea, proiektuak birbanatzea…”

Horrela hasten dira gorabeherak kooperatibaren baitan. Proiektu txikien kasuan bereziki, hutsune handia sortzen du haurdunaldi batek: “Baja eduki nuen ofizialki, baina praktikan ez horrenbeste, gauzak aurrera atera behar genituelako”.

Batzuetan, amatasuna alboratzen dugu proiektuaren mesedetan eta, besteetan, amatasuna dela-eta espazio informaletatik desagertzen gara ama garenok: “Lehen, bizitzako protagonistak izateaz gain, gure proiektu kooperatiboa ere bazen protagonista. Ama izan ondoren, korapilatu egiten zaizkizu lehen normaltasun osoz egiten zenituen gauzak: hitzaldietara joatea, jardueretan parte hartzea, bazkaltzera geratzea…”

Anabasari heltzeko erronka 

Eztabaida bizian jardun ondoren, amatasunaren auzia espazio informaletatik ateratzea eta berariazko espazio bat sortzea beharrezkoa zela egiaztatu genuen. Hortaz, beharrezkoa da ere anabasa horri heltzea eta elkarrekin soluzioak bilatzea.

Partaide batzuek orain arte egoerari nola heldu dioten azaldu zuten: “Guk laguntza profesionala eskatu genuen eta fazilitazio saio batzuk egin genituen haserreak, minak eta tentsioak arintzeko”. Beste koperatiba batzuetan, gaia ezberdin tratatu dute haurdunaldi bakoitzean: “Batzuetan, amatasun batzuekin ordezkapenak hartu ditugu eta beste batzuetan lan karga jaitsi behar izan dugu”.

Beste batzuek harremanak eta espazio informalak zaintzearen aldeko apustua egin dute: “Momentu sozialak lanaldiaren barruan sartzen saiatzen ari gara, denok parte hartu ahal izateko”.

Hurrengo urratsa ditugun erronkak identifikatzea izango da, lehenengo saioan aipatutako bizipenetatik abiatuta. Ondoren, kooperatiba bakoitzean erronka horiei aurre egiteko ditugun tresnak partekatuko ditugu eta beste berri batzuk imajinatuko ditugu elkarrekin.

Osotara, hamabi eragilek parte hartuko dute prozesuan zehar: Aztiker, Emagin, Hiritik At, Hitzak Argi, Irule Abokatuak, Juntura, Parean, Zituene eta Tapuntu. Artaziak eta Farapi kooperatibetako kideok gure eskerrik beroena eman nahi diegu haien eskuzabaltasunagatik eta bide hau elkarrekin egiteko izan duten prestutasunagatik.