Eskuartean

Farapiren lan-eredua aztertzen: Posible ote da bizigarritasuna eta bideragarritasuna uztartzea?

Ez gara mahai baten inguruan esertzen, PowerPoint bati begira. Talde-hausnarketak egiteko beste ikuspegi bat dugu farapitarrok: Lurrean eserita, sofan, erdi etzanda, etxeko oinetakoekin, mokaduak jaten, dinamikak egiten… Norbera eroso sentitzen den bezala egon daiteke.

Gai ugari eztabaidatzen baditugu ere, xedea bera da: lan-eredua eraldatzeko egiten ari garen ahaleginak funtzionatzen duen aztertzea. Feminismoa, parte-hartzea eta ekonomia sozial eraldatzailea ardatz ditugu gure proiektuetan eta, beraz, barne-kudeaketan printzipio horiekin koherentzia mantentzen dugula ere analizatzen dugu urte hasieran.

Hona hemen aurtengo gogoetan landu ditugun gako batzuk:

 

Bizigarritasunaren auzia

Farapin uste dugu beste era batean lan egitea posible dela. Lana erdigunean jartzen duen gizarte batean bizi gara, eta hori eraldatzen ari gara gure kooperatiban, lanaren eta bizitzaren arteko oreka sustatuz. Bidea ez da xamurra, eta batzuetan ziurgabetasun egoerak bizi izan ditugu, baina hala eta guztiz ere merezi izan duela ondorioztatu dugu gogoeta-saioetan.

2022an 35 orduko lanaldia* mantendu dugu, eta urtea ekonomikoki ixtea lortu dugu. Horrela esanda, ez dirudi oso eraldatzailea denik gure jardunaldia, ezta? Baina kontutan izan 35 ordu horietatik astero 5 ditugula gure arteko harremanak sustatzera bideratuta (otorduak elkarrekin egitera, adibidez), talde kohesioa indartu eta elkar-zaintza bultzatzeko asmoz.

Apustu tinkoa egiten dugu lan erreproduktiboa aitortzearen alde. Uste dugu beharrezkoa dela gure lanaldiaren baitan lan-ordu batzuk bideratzea horretarako, eta gainera posible izatea lortu dugu.

Hori guztia dela eta, gogoeta-saioetan adostu dugu 2023an ere bide beretik jarraituko dugula, eta 2022ko irakaspenak barneratuko ditugu horretarako. Pixkanaka, urtean zehar egon daitezkeen gorabeherak aurreikusteko gaitasuna garatzen ari gara, egonkortasuna lortzeko asmoz.

Horizontaltasunetik ekin

Hierarkiarik gabeko antolaketa bermatzeko, lan-talde eta lan-lerroetan antolatzen dugu Farapi. Lan-taldeek kooperatibaren egitura kudeatzen dute: finantzak, komunikazioa, proiektuak, koordinazioa eta ‘Bizi On’. Bi urtero aldatzen ditugu taldeetako kideak, ardurak txandakatzeko eta elkarren artean ikasteko.

Ziurrenik aipatutako lan-talde gehienak ezagutzen dituzue, baina zertan ote datza ‘Bizi On’ delako hori? Farapitarron zaintzaz arduratzen da, talde eta norbanako gisa, eta ditugun ongizate beharrei erantzuten saiatzen da, ikuspegi feministatik. Izan ere, Bizi On taldeari esker ekonomia feministarekiko koherentzia mantentzeko eta hori aplikatzeko erronkari heltzen diogu Farapin, lan-baldintzetatik haratago. Esaterako, taldean lantzeko zaintza-saioak antolatzen ditu, urtean zehar banakako elkarrizketak egiten ditu hobekuntzak txertatzeko, edozein langilek behar edo nahi zehatzen bat duenean horri erantzuten saiatzen da…

Bestalde, lan-lerroek gure proiektuak sailkatzeko balio dute: feminismoa, parte-hartzea eta ekonomia sozial eraldatzailea. Urte hasierako hausnarketan lan-lerroak banan-banan aztertzen baditugu ere, badakigu etengabe gurutzatzen direla. Zer litzateke ekonomia sozial eraldatzailea feminismorik gabe? Posible al da prozesu feministak lantzea ikuspegi parte-hartzailea kontuan izan gabe? Horregatik, aurten ere lan-lerroen arteko elkarlana sustatzearen aldeko apustua egingo dugu.

Gainera, elementu berria txertatzen hasi gara lan-lerroetan: komunikazioa. Farapin egiten dugun lana ezagutzera emateaz gain, uste dugu komunikazio-tresnek balio gehigarria eman dezaketela proiektuetan. 2023ko erronka izango da laguntzen ditugun prozesuetan komunikazio ikuspegia gehitzen hastea.

 

Aldakortasuna besarkatzen dugu

Urte hasierako gogoeta-saioetan hartzen ditugun erabakiak ez dira behin-betikoak, eta etengabe aztertzen dugu zer nolako eragina duten lantaldearengan, norbanakoengan eta inguruarengan. 2022an hartutako erabakien jarraipena egin dugu, eta 2023an zer mantendu eta zer moldatu eztabaidatu dugu taldean.

Horrek esan nahi du, gure lan-ereduaren eraikuntzan neurri batzuk mantentzeaz gain, elementu berriak ere txertatzen ditugula. Esaterako, 2023an aurrerapausoa eman nahi dugu gardentasun lanetan eta kooperatibaren errailen berri emango dugu urtean zehar. Zein proiektutan ari gara lanean? Nortzuk osatzen dugu Farapi? Nondik datoz gure diru-sarrerak? Galdera horiek eta beste hainbeste erantzungo ditugu.

Halaber, 2022an gure lan-eredua sistematizatzeko lana egin dugu, eta 2023an hori beste enpresa eta erakundeetara egokitzeko urratsa eman nahi dugu. Bizigarritasuna sustatzeko tresna, mekanismo eta espazioak sortu ditugu, eta uste dugu beste entitateentzat oso erabilgarriak izan daitezkeela, haiek ere lanaren eta bizitzaren arteko oreka lortu dezaten.

Bada, beste urte batez, farapitarrok ilusioz ekin diogu urteari, beste lan-eredu bat posible dela egiaztatzen ari garelako! Gehiago jakiteko gogoz geratu bazarete, aurreratzen dizuegu Bartzelonan antolatuko duten VIII. Ekonomia Feministako Kongresuan izango garela gure lan-ereduaren berri emateko. Bertan ikusiko dugu elkar!


*Gure artean 6+1(+1) esaten diogu, baina beste batean azalduko dizuegu hori!