LABURREAN:
Proiektuaren izena: Zegamako zahartzaroaren azterketa-diagnostikoa zaintzen ikuspegitik
Norekin elkarlanean: Zegamako Udala
Proiektuaren urtea: 2022, 2023
Zaintzaren gaia orain arte emakumeen eremu eta gai izan da, etxean eta isilean kudeatu izan den zerbait. Orain ordea, mugimendu feministak eta pentsalari/ikerlari feministek lortu dute auzi hau eztabaida publikora ekartzea eta gero eta kezka eta ardura gehiago sortzen ari da:
– Zer da zaintza? Zertaz ari gara zaintzaz hitz egitean?
– Zein zaintza behar daude? Ari gara gizarte gisa dauden zaintza beharrei behar bezala erantzuten?
– Nork zaintzen du? Nork egiten ditu zaintza lan hauek? Eta zain baldintzetan?
– Zaintza lanen gaur egungo kudeaketa sortzen dituen desoreka eta injustiziak zeintzuk dira?
Kasu honetan, zaintza hain eremu zabala izanik eta bizitzako edo bizi zikloko etapa guztiak hartzen dituela kontuan izanda ere, adinekoen errealitateari erreparatu diogu, hau da, Zegamako adinekoen errealitatea eta zaintza beharrak, eta hauei erantzuteko estrategietan arakatu dira. Hau da, hau dena zahartzaroan nola kudeatzen da? Etorkizunean adinekoen kolektiboak zein behar izango ditu zaintzari dagokionez? Zein erronka izango ditugu gizarte moduan zahartzaroko zaintzak?
Hala, diagnostiko honetan Zegamako herriak adinekoen zaintzari dagokionez duen errealitatea eta etorkizunean izan ditzaken erronkak aztertu genituen.
Lehenik eta behin, Zegama herriko analisi demografiko txiki bat egin genuen, Zegamarren (eta zehazki adinekoen) argazki kuantitatibo bat eginez eta zaintzaren ikuspegitik garrantzitsuak diren elementuak aztertuz.
Ondoren, adineko pertsonek dituzten zaintza beharrei erreparatu genien. Orokorrean Gipuzkoako, eta zehazki Zegamako, adinekoek ongizate edo bizi-kalitate on edo egoki bat izateko izan ditzaketen zaintza beharrei begira jarri ginen, behar horietan eragin edota horiei erantzuteko gaitasuna baldintzatu dezaketen faktoreak aztertuz.
Behin hori aztertuta, zaintza sistema edo antolaketa sailkatzeko ‘zaintzen diamantea’ (Ravazi, 2007) oinarri hartuta, diamanteko eragile bakoitzak (familia, merkatua, estatua eta komunitatea) Zegamako adinekoen zaintzan daukan papera aztertu genuen.
Azkenik, identifikatutako erronkei ahalik eta egokien erantzuteko asmoz, aurrera begirako lan-ildo posibleak proposatu genituen:
– Zaintza lanak ikusarazi eta haien balioa aitortzeko neurriak.
– Autonomia iraunarazi eta mendekotasunaren prebentzioa bultzatu duten neurriak.
– Zaintza zerbitzu publikoak hobetzea.
– Zaintza langileen lan-eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak.