Egindako Lanak

Enpresetan erantzunkidetasun soziala lantzen


LABURREAN:

Proiektuaren izena: Enpresetan erantzunkidetasun soziala lantzen

Proiektuaren urtea: Etengabekoa


Enpresen erantzunkidetasun sozialari ikuspegi integral batetatik begiratzen diogu Farapin. Enpresak, barrura zein kanpora, erantzunkidetasun sozialez jardun dezake. Hainbat sektore eta tamainatako dozenaka enpresaren esperientziak erakusten duenez, beren kulturan eta esparru horretan jarduteko moduetan izandako aldaketa sakonek enpresa-proiektua indartu dute, plantillaren inplikazioa eta prozesu organiko produktiboen hobekuntzan lagunduz. Enpresetan Erantzunkidetasun soziala sustatu eta indartzeko helburuz, ondorengo lanketetan izan gaitezke zure bidelagun Farapitik.

 

ERAKIDE TRESNA:

Erakide hiru urtetako lan prozesu baten emaitza eta zortzi urteko ibilbide luzea egin du. Tresna honi esker, enpresetan Erantzunkidetasun soziala aztertu eta neurtu daiteke. Gainera hobetzeko arloak identifikatzen laguntzen du, hurrengo urteko lanketa posibleak identifikatuz.

Erakide enpresaren barruan modu kolektiboan aplikatzeko diseinatuta dago (enpresaren aniztasuna islatzen duen lan-talde sortzen da). Aplikazio prozesua aholkulari adituen eskutik egiten da. Aholkularitzen lana prozesua dinamizatu eta edukiz hornitzea izango da lanketari sakontasuna emateko. Aholkularitzak lan-prozesu guztian zehar babesa ematen dio enpresari prozesua enpresaren behar eta errealitate konkretuetara egokitzeko.

 

BEZERO ETA HORNITZAILEEN KUDEAKETA ETIKOA:

Gure enpresen eguneroko martxan ezinbestekoak dira hornitzaile zein bezeroak. Harreman estuak izaten ditugu haiekin eta harreman hauen marko etikoa elkarrekin landu eta adostu dezakegu. Zeintzuk dira hornitzaile eta bezeroak hautatzeko erabiltzen ditugun irizpideak? Lurraldetasunak, hizkuntzak, aukera berdintasunak zein pisu daukate irizpide hauetan? Konfiantzan oinarritutako epe luzeko harremanak sortzen ditugu? Nola? Zein da bezero eta hornitzaileek gure enpresaz duten irudia?

 

ENPRESA ETA LURRALDEA, ELKAR-ELIKATZEN:

Erantzunkidetasun sozialaren ikuspegitik, enpresak kokatua dagoen lurraldean eragin positiboa bilatu beharko luke, lurralde horretako garapenean (ekonomikoan, sozialean eta ingurugirokoan) rol aktibo bat izanez. Enpresa moduan hainbat galderari erantzun beharko genioke lurraldean jokatzen dugun papela ezagutzeko: Zein da tokiko eragile instituzionalek, sozialek, enpresarialek eta herritarrek gure enpresaren inguruan duten iritzia? Eskualdeko eraldaketa agente klabe moduan ikusten gaituzte? Zeintzuk dira lurraldeko erronka nagusiak eta nola lagundu dezakegu hauek erantzuten? Zeintzuk dira tokiko eragile eta sare sozio-ekonomiko ezberdinak? Nola parte hartu dezakegu hauetan enpresa moduan dugun roletik?

 

AUKERA BERDINTASUNA, ENPRESA EREDU:

Gure enpresetan, sarri, jendartean dauden desorekak erreproduzitzen ditugu (genero, arraza, adina, aniztasun funtzional, etab.). Askotan gutxietsi egiten dugu aukera-berdintasunik ezak gure enpresaren barne-dinamiketan eta emaitzetan duen eragina. Enpresa gisara, desoreka hauek orekatzera bidean jarrera erabat aktiboa izan dezakegu eta aukera berdintasuna sustatzeko politikak garatu: Ikuspegi feminista enpresa egitura eta funtzionamenduan txertatuz, enpresa-proiektuarekiko nortasuna indartu, kontratazio politikaren errebisio eta egokitzapena, barne promozio sistemen ebaluaketa, etab. Aukera berdintasunean eredu izan gaitezke enpresok.

 

PERTSONEN PARTE-HARTZEA OINARRI:

Pertsonak daude enpresa guztien oinarrian. Ezbairik gabe, pertsonen parte-hartzean oinarritutako enpresek balio erantsia izaten dute, atxikimendu eta konpromiso maila altuagoa izaten da, berrikuntzarako aukerak biderkatzen dira, lankidetzarako borondatea egoten da, gardentasuna, etab. Langileen parte-hartzearen aldeko apustua egin arren, gogoan izan behar da batzuetan apustuarekin bakarrik ezin dela aurrera egin. Parte-hartzea diseinatu eta bultzatu egin behar dela: Non eta nola nahi dute parte-hartu enpresa osatzen duten pertsonek? Zein baldintzatan? Zer behar dute parte-hartzeko? Zein mekanismo erabiliko ditugu? Nola baloratu eta hobetuko dugu parte-hartze hau?

 

ENPRESA BIDERAGARRI ETA BIZIGARRIA:

Ukaezina da enpresak ekonomikoki bideragarriak izan behar direla, baina nola egin dezakegu bideragarri izatearekin batera proiektuko kideentzat bizigarri ere izateko? Farapin urteak daramatzagu gure lan-eredua bizigarri bilakatzeko prozesuan murgilduta, eta orain bertatik ateratako irakaspen eta tresnak beste enpresen errealitateetara egokitzeko erronkari ekin diogu. Enpresa bakoitzak behar ezberdinak dituenez gero, elkarrekin bizigarritasuna nola ulertzen duzuen definitu eta identifikatzen diren beharren arabera kudeaketarako baliagarriak diren tresna propioak eraikitzen ditugu, besteak beste, talde zaintza eta kohesioa lantzekoak, bideragarritasun ekonomikoaren jarraipen eta aurreikuspenerako, proiektuen hautaketa irizpide batzuen baitan modu kontzientean egiteko…